Uda ostean itzuliko da 'Gorabeherak' websaila

Uztarria.eus 2020ko eka. 11a, 20:34

Gorabeherak kapitulu laburrez osaturiko websaila da, Ttap aldizkari digitalerako ekoiztua eta herritarrek Uztarria.eus-en jarraitu ahal izan dutena. Aurreneko denboraldian bost atal eskaini dituzte, eta udazkenean ekingo diote bigarrengo denboraldiari. Bitarte horretan, beste websail bat izango da ikusgai Uztarria.eus-en: Ixa.

Amaitu da Gorabeherak websailaren lehen denboraldia, eta uda ostean itzuliko da. Kapitulu laburrez osaturiko websaila da Gorabeherak, Ttap aldizkari digitalerako ekoiztua eta herritarrek Uztarria.eus-en jarraitu ahal izan dutena. Bost atal eskaini dituzte aurreneko denboraldian, eta hemen ikus daitezke guztiak. Atal bakoitzean, hildako pertsonaia ezagunak zerura edo infernura eramango ditu igogailuan Ramon igogailuzainak.

Kepa Errasti eta Nerea Arriola dira aktoreak, eta websaila egiteko Tabakalerako 2deo Laborategiaren eta Bertako igogailuak enpresaren laguntza izan dute Ttap-eko kideek. Udan geldialditxoa egin ostean, udazkenean eskainiko dute websailaren bigarrengo denboraldia. Bitarte horretan, eta ekainaren 26an hasita, beste websail bat izango da ikusgai astero Uztarria.eus-en, Ixa izeneko websaila. Ixa ere Tabakalerako 2deo Laborategiaren laguntzaz sortutako websaila da, eta gizartearen eta teknologiaren arteko harremana aztertzen du misterio eta akzioko atal laburren bidez. Uztarria.eus-ek aurrerako jakinaraziko ditu saio horren inguruko xehetasunak. 

Ttap-eko kideek Gorabeherak websailaren inguruan ikusleek duten iritzia ezagutzeko honako galdetegi hau egin dute. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide