Hilabete baino gutxiago falta da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako, eta dagoeneko hasi dira alderdiak bozetarako prestatzen. Duela aste batzuk zabaldu zuten posta bidezko botoa emateko epea, egunotan egin dituzte hauteskundeen egunean mahaietan izango diren kideak erabakitzeko zozketak herriz herri, eta gainera, dagoeneko argitaratu dituzte hautes-zerrendak. Hain zuzen ere, atzoko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratu zerrenda horiek.
Gipuzkoan hamalau alderdi aurkeztuko dira bozetara, 2011n baino lau gehiago: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE, PP+Cs, PACMA, Libres por Euskadi (LXE), Aulki Zuriak (AZ), Bidezko Mundurantz (PUM+J), Equo Berdeak Euskadi, VOX, Union Cristiano Democrata Española (UCDE), Recortes Cero-Solidaria-Los Verdes eta Alderdi Libertarioa. Hainbat azpeitiar daude zerrenda horietako hautagaien artean.
Alderdiek aurkeztutako zerrendaburuetako bat bera ere ez da azpeitiarra, baina atzeragoko postuetan badira herritar batzuk. EAJren zerrendan, adibidez, hemezortzigarrena da Xanti Gurrutxaga Azpeitiko bizilaguna eta zinegotzi ohia. EH Bilduren zerrendan, berriz, ordezkoen artean da Aritz Arzallus azpeitiarra.
2016an egin ziren azkenengoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta 25 eserleku izan ziren jokoan Gipuzkoan. Horietatik bederatzi EAJk eskuratu zituen, zortzi EH Bilduk, hiruna Elkarrekin Podemosek zein PSE-EEk eta bi PPk. Azpeitiarrik ez da izan amaitzear den legealdian Eusko Legebiltzarrean.