Sheffield hirian (Ingalaterra) bizi den Nerea Irazusta azpeitiarraren koadro bat Ingalaterrako Doncaster Art Fair arte azokako zerrendarako hautatu dute. Mundu osoko hainbat artisten lanak sartu ditu hautagai zerrendan azokak, eta orain Internet bidezko botoekin 30 koadro onenak hautatu beharko dituzte boto-emaileek.
Ekainaren 30ean amaituko da koadroak bozkatzeko epea eta uztailaren 7an hurrengo fasera sailkatutako artisten lanak ezagutaraziko ditu Doncaster Art Fair azokak. Azken fasean, bestalde, epaimahaiak hautatuko ditu 30 lan horietatik hiru onenak. Doncaster Art Fair azokaren asmoa da garapen bidean zein finkatuta dauden artisten erakusleihoa izatea.