Industriak eskualdean sortzen duen enpleguaren %65 inguru osatzen du enpresen bidez jasotako erantzunen kopuruak. Beraz, industriak sortzen duen enpleguaren bi heren izanik, emaitza esanguratsuak direla adieraz daiteke.
Galdeketatik, ondorengo datuak azpimarratu daitezke:
- Orain arteko eraginari dagokionez, zerbitzuen edo ekoizpenaren jardueran enpresen %87,3k azaldu dute eskaerak gutxitu direla, eta ekoizpena gutxitu dela enpresen %58,7ak esan du. Inbertsioak egokitu beharra adierazi du, berriz, enpresen %31,7ak. Salmentei dagokionez, %78ak murrizketa izan du. Jarduera antolaketaren eremuan hartzen ari diren neurrien inguruan, bestalde, enpresen %79,4a telelana ezartzen ari da hainbat mailatan; lan txandak berrantolatu ditu, aldiz, enpresen %57ak eta aparteko kontziliazio neurriak hartu ditu %46ak. Enpresen %32ak, gainera, ezaugarri ezberdinetako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea (ABEEE) aplikatu dutela adierazi du.
- Aurrerantzean espero den eraginaz galdetuta, enpresen %47ak eragina izango duela azaldu du. Enpresek emandako erantzunen arabera, eskaerak gutxitzea (%84,1), ekoizpena jaistea (%65,1), inbertsioak egokitzeko beharra (%49,2) eta diruzaintzako tentsioak (%54) aurreikusten dira. Krisia amaitzean hartu nahi dituzten neurrien artean, besteak beste, epe luzeko estrategia birdefinitzea (%49,2), enpresa jarduera dibertsifikatzea (%50), digitalizazioan aurreratzea (%43) eta telelana bultzatzea (%20) aipatu dituzte.
Iraurgi Berritzenek, halaber, adierazle desberdinen jarraipena egin du eskualdearen egoera sozioekonomikoa aztertzeko, eta langabeziaren igoeraren joera nabarmentzen hasi da Urola Erdian. 2020ko maiatzean, eskualdeko langabezia indizea %9,8 izan da (%8,1 gizonezkoetan eta %11,9 emakumezkoetan). Otsaila eta maiatza bitartean, berriz, 277 langabe gehiago zenbatu dituzte Urola Erdian; guztira 1.544 herritar daude langabezian.
Enplegu deuseztapenari dagokionez, aldiz, afiliatu kopuruaren bilakaerak behera egin du 2019. urtearekin alderatuta (-%1,7). Azken hiru hilabeteetan eman den jaitsiera eraikuntza eta zerbitzuen sektorean eman da bereziki, merkataritza eta ostalaritza kasu.
Azken hilabeteetan eskualdean zenbatu diren Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteei (ABEEE) dagokionez, 389 eskaera egin dira. Zerbitzuei eragin die %77,9 kasutan, eta industriari eskaera osoaren %22,7an. ABEEE horiek 2.478 langilerengan izan dute eragina martxoaren 16tik maiatzaren 18ra bitartean. Erregistratu diren espediente guztien %82,8 jardueraren etenera bideratu da, gainera.
Egoera horren gertuko jarraipena egiteko, Iraurgi Berritzenek eskualdeko hiru udalekin (Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalak) eta Enpresa Guneko ordezkariekin elkarlan bilerak egin ditu. Egoeraren diagnostikotik abitatuta, aukerak aztertu eta neurriak eta ekintzak abian jartzeko egin dira bilera horiek. Horien artean, aipatzekoak dira abian dauden zerbitzuak:
- Erakunde desberdinetatik martxan jarritako diru laguntzen bitartekaritza zerbitzua. Industria arloari lotutako 43 enpresari laguntza eskaini zaio diru laguntza eskaera ezberdinetan. Horietatik 26 Eusko Jaurlaritzakoak dira, hamahiru Foru Aldundikoak eta lau Espainiako Gobernukoak.
- Enpresen proposamenei erantzunez, enpresaren antolaketaren eta kudeaketaren inguruan sortu diren egoera berriei aurre egiteko lan bilera telematikoak antolatzen ari da Iraurgi Berritzen. Horien helburua da enpresen artean gai desberdinen inguruko informazioa eta esperientzia elkarbanatzea. Besteak beste, pertsonen kudeaketa neurriak, segurtasuna eta prebentzioa, telelanaren kudeaketaren erregulazioa, taldeen kudeaketa eta deseskalatze fasearen kudeaketa.
Ekainaren 18an Enpresa Gunearekin eta hiru udaletako ordezkariekin egindako bileraren ondoren hainbat ondorio atera ziren. Enpresen egoeraren diagnostikoan atzemandako beharrei erantzuna emateko, martxan dauden zerbitzuez gain, eskualdeko industria enpresei zuzendutako laguntza eta ekintza berriak abian jartzea onartu da. Hori horrela izanik, horretan interesa duten enpresetan hainbat adituren parte hartzea eskainiko da. Lagunduko diren arloak honako hauek izango dira:
- Enpresen estrategian eta negozio ereduen birdefinizio arloan.
- Finantza ekonomikoaren arloan.
- Aurrerapenak egiteko, digitalizazioan.