Emozioak atrofiatuta

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2020ko eka. 25a, 18:07

Miren Gorrotxategik Urola Kostako Hitza egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lehen ere aritua naiz txoko honetan ipuinez eta haien magiaz, baina lagun batek galzorian dagoen otso gaiztoaren eskutitza erakutsi didanean, berriro ere gaiari heltzeko beharra piztu zait. Izan ere, haurra zela iloba bati behin eta berriz irakurtzen nion ipuin batez gogoratu naiz: Txanogorritxu eta otso beltxu zuen izena. Izenburuak iradokitzen duen bezala, otsoa ez zen, inondik ere, beldurgarria. Halako adibideak mila aurki ditzakegu egungo haur-literaturan. Ez dut dudarik egiten hobe beharrez egiten direla halako moldaketak, hobe beharrez kontatzen dizkiegula helduok txikiei halako ipuinak. Baina onik egiten diete haurrei halako kontakizunek? Bere horretan ez dira kaltegarriak, noski, baina ipuin klasikoetako otsoa desagertzeak, euren imajinariotik halako ereduak erauzteak, egiten die onik? Zergatik nahi dugu haurren garapenetik beldurgarria den oro ezabatu?

Babestu beharraren babestu beharraz, mesede egin beharrean, kalte egiten diegu. Beldurra, azken batean, lehenago edo geroago, biziko duten emozioa da. Ez du zentzurik, beraz, emozio hori edo beste hainbat ipuinetatik erauzteak, isilarazteak edo ezkutatzeak. Mundua ezagutzeko baliabide garrantzitsua dira ipuinak haurrentzat, eta negatibotzat ditugun emozioak ipuinetatik ateratzen baditugu, haurrei haien existentzia ukatzen ari gara.

Beraz, ezkutatu beharrean, zergatik ez lagundu haurrei beldurra, amorrua, gorrotoa... identifikatzen eta haiek kudeatzen? Izena ematen diegun emozioak hobeto kudeatzen ditugu ezezagunak ditugun haiek baino. Eta beldurrari aurre egiten irakasten ez badiegu, beldurrak gain hartzen die umeei aurrean agertzen zaienean. Ausarta ez da beldurrik ez duena, hura kudeatzen dakiena baino. Erakuts diezaiegun hari aurre nola egin. Erakuts diezaiegun emozioak, edozein direlarik ere, ahalik eta ondoen kudeatzen.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide