Osasun larrialdiak eragindako alarma egoera amaituta, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira uztailaren 12an. Kanpaina abian da, eta Legebiltzarrerako lehia horretan ariko diren alderdien ordezkariekin mahai ingurua osatu dute Gipuzkoako tokiko telebistek —tartean da Urolako Komunikazio Taldea—. Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren Gipuzkoako zerrendako bigarren hautagaiak, Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko zerrendako bigarrenak, Josetxo Arrieta Elkarrekin Podemos-IUren Gipuzkoako zerrendako zazpigarrenak, Eneko Andueza PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuak eta Pello Atxukarro PP-Ciudadanos koalizioko Gipuzkoako hamaseigarrenak parte hartu dute eztabaidan.
Donostiako Miramon parkean grabatu dute mahai ingurua, Ainhoa Ibañez Goierri Telebistako kazetariak eta Ihintza Elustondo UKTko kazetariak gidatuta. Besteak beste, ekonomia, zerbitzu publikoak, gizarte politika, transferentziak, ingurumena eta kultura izan dituzte hizpide.