Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren barruan ekitaldia egin du EH Bilduk gaur eguerdian Azpeitian. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Mertxe Aizpurua Espainiako Gorteetako parlamentariak, eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideak eta koalizioak uztailaren 12ko bozetara aurkeztu duen hautagaitzako kideak hartu dute hitza, hurrenez hurren, ekitaldian. Dozenaka herritar elkartu da Azoka Plazan, COVID-19 gaitzak eragin duen salbuespen egoerak eskatutako segurtasun neurriak kontuan hartuta, EH Bilduren ordezkarien proposamenak eta hitzak entzuteko.
"Aldaketa" eta "bestelako etorkizun batean kokatuko gaituen bidea" egin nahi dutenen botoa eskatu du Kortajarenak. Pandemiarekin, "asko ikasteko eta hausnartzeko parada" izan dutela esan du EH Bilduren hautagaitzaren kideak: "Iruditzen zaigu badela garaia beste termino batzuetan eta itxaropentsua izango den etorkizun bat eraikitzeko. Herri honek jaiki egin behar du eta horretarako jendarte indartsu bat behar dugu, herria bizkar gainean hartu eta norabide berri batean, bestelako etorkizun batean kokatuko gaituen bidean jarriko gaituena. Aldaketa hori nahi duten guztiak Euskal Herria Bildura biltzeko gonbidapena luzatzera gatoz gaur Azpeitira".
Koronabirusaren krisiaren erdian, hauteskunde kanpaina "ezohikoa" izaten ari dela aitortu dute Kortajarenak zein Aizpuruak, baina kanpaina eta datozen hauteskundeak "oso garrantzitsuak" direla azpimarratu dute. "Uste dugu oso une inportantean gaudela, asko dugula jokoan, merezi dugun herri hori eraikitzeko aukera dagoelako jokoan", esan du Kortajarenak, eta "zailtasun eta beldur guztien gainetik", hauteskundeetan parte hartzera gonbidatu ditu aukera horri bidea eman nahi dioten guztiak. Aizpuruak, bere aldetik, nabarmendu du EH Bildun "prest" daudela, eta EH Bildu gobernuan den Gipuzkoako udalak aipatu ditu horren adibide: "Madrildik begiratuta, ikusten dut hemen zer aldaketa dauden, EH Bildu dagoen udaletan nolako aldaketak egiten ari diren. XXI. menderako prestatuta dauden pertsonak ditugu, gizarte hori nahi dugu. Beste batzuk, aldiz, atzera begira daude, eta gauzak bere horretan mantendu nahi dituztenak ere badaude. Hori ez da aurrera begiratzea, hori ez da etorkizuna eraikitzea. EH Bilduk bakarrik dauka hori aurrera eraman ahal izateko proiektu bat".
Uztailaren 12ko emaitzei begira jarrita, azken urteetako "joera" mantendu eta "EH Bilduk gorantza" jarraituko duela uste du Aizpuruak. "Denok dakigu inkestek zer funtzio betetzen duten; gehiago daude iritzi publiko bat sorrarazteko, datuak emateko baino. Tentu guztiarekin hartu behar ditugu, edo mesfidantza osoarekin, zenbait momentutan. Nik joerari begiratzen diot, eta azken urteetan ikusten ari dena da EH Bildu gorantza doala, eta gorantz joango dela uste dut".
(Azpian, ekitaldiko argazki batzuk)