Arantza-Mendaur-Mendieder-Ekaitza-Putzubeltz-Arantza. Horixe da Lagun Onak Mendi Bazkunak uztailaren 11rako prestatu duen helduentzako mendi irteeraren ibilbidea.
07:30ean irtengo da autobusa anbulatorio aurretik eta egun osorako irteera izango da; 18:30 aldera helduko gara bueltan Azpeitira.
Arantzara joango gara autobusez eta handik igoko gara Mendaurrera. Ondoren, Mendieder eta Ekaitza ere igoko ditugu. Jaitsieran, Putzubeltzetik zehar, berriro Arantzara iritsiko gara, 18,5 kilometroko ibilaldi zirkularra osatuta.
Egunean zehar bi geldialdi egingo ditugu, bata hamarretakoa egiteko, eta bestea bazkaltzeko.
Sorgin, bidelapur eta petrifikatuta geratu diren hartzei buruzko kondairak, arroila sakonak, ur-jauzi ederrak eta zelai zabalek margotzen dituzten paisaia paregabeak; denetik aurkituko dugu Mendaur mendiaren inguruetan.
Uztailaren 9a baino lehen eman behar dute izena irteeran parte hartu nahi dutenek, mendizaleen tabernan edo www.lagunonakmb.org webgunean. Lagun Onak MBren bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek 15 euro. Autobusean musukoa jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da.
Irteeraren gainerako informazio guztia (track-ak...) www.lagunonakmb.org webgunean aurkituko duzue.