EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainako ekitaldia egin zuen atzo, osteguna, Azpeitian. Alderdi jeltzaleko hainbat aurpegi ezagunek parte hartu zuten ekitaldian, baina hitza Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) kideak eta Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak hartu zuten, hurrenez hurren. COVID-19 gaitzetik babesteko segurtasun neurriak kontuan hartuta, dozenaka herritarren eta eskualdeko udaletako ordezkarien aurrean aritu ziren hiru politikariak.
Bakartxo Tejeriak "guztien artean Euskadi zutik jarri" nahi dutela azaldu zuen. "Egia da koronabirusaren eragin txarra ari garela jasaten, baina jarriko gara zutik, aterako gara. Lehen ere egin izan dugu eta berriz ere egingo dugu", adierazi zuen. EAJk datorren legealdirako duen proiektua aldarrikatu zuen Tejeriak. "Aurrera egiteko, pandemiaren ondorioei aurre egiteko eta Euskadi zutik jartzeko bermerik onena EAJ da. Gugan duzuen konfiantza berritzea eskatzen dizuegu. Emandako hitzako beteko dugu", esan zuen. EAJren ardatza "enplegua" dela ere esan zuen Gipuzkoako zerrendaburuak. "Ekonomia berpizteak eta aberastasuna sortzeak ekarriko du osasun eta ongizate sistemak eta zerbitzu publikoak sendo izatea. Hor dugu erronka, bereziki industrian zentratuz. Horrek ekarriko du gainerako sektore guztiak martxan jartzea". Kanpaina berezia ari dela izaten aitortu zuen Tejeriak: "Aurretik ere pentsatzen genuen ez zela arrunta izango, baina distantzia da, hoztasuna. Halere bagoaz, hemen gaude eta, egoera honetan ere egiten ari gara".
Joseba Egibar GBBko presidenteak eta datozen hauteskundeetako EAJren hautsagaiak azaldu zuen kanpaina honetako "kontzeptuez jabetu" behar dela. EH Bilduren kanpainako Merezi duzun herria mezua izan zuen hizpide Egibarrek, eta programan begiratuz gero, kontzeptu horrek "garrantzia" baduela gehitu zuen. "Herri honetan ideologia anitz daude, eta guztiok elkarrekin bizi izatea kontu bat da, baina beste bat da herri osoa beren pentsamoldera eramatea". Uztailaren 12ko hauteskundeetan hori "jokoan" dagoela adierazi zuen. Gainera, EH Bilduk azken hamarkadetan "ezer gertatu ez balitz bezala" jokatu duela adierazi zuen GBBeko kideak, eta beren proiektuarekin "EAJ zokoratzea" nahi dutela azaldu zuen.
Andoni Ortuzar EBBko presidenteak hartu zuen azkenik hitza, eta "mobilizazioa" eskatu zuen, "botoa emateko mobilizazioa". Hurrengo igandeko hauteskundeetan "Euskadiren etorkizuna jokoan" dagoela esan zuen hark. Kanpainaren lehen astea ikusita alderdi bakoitzaren "nondik norakoak eta estrategiak" ikus daitezkeela azaldu zuen Ortuzarrek Azpeitian. "Pandemia osteko Euskadi eraiki nahi dugu, etorkizuneko Euskadi. Ez gaude alferrikako konfrontazioetarako", azaldu zuen. Ortuzarrek "auzolanerako deia" egin zien gainerako talde politikoei, sindikatuei eta gizarte mailako eragileei. "Dei egiten diet bereziki erakunde abertzaleei. Euskadik lankidetza behar du proba sozial eta ekonomiko honetatik onik ateratzeko. Gatazka giroa amaitzea nahi dugu. Bakoitzak bere proposamenak eta bere alternatibak izan arren, egin dezagun ahalegina ados jartzeko, Euskadi zutik jartzeko. Deia egina dago, EAJren eskua luzatuta dago", azaldu zuen amaitzeko Ortuzarrek.
Hona hemen argazki batzuk: