Jose Maria Gibert azpeitiarrak atzo, osteguna, hiru urterako berritu zuen Deustuko Unibertsitateko errektore kargua. Ekitaldi horretan hartu zituzten agiriak errektoreordeek; tartean, Juan Jose Etxeberriak Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreorde agiria jaso zuen.
Kargua berritzeko hitzartzean, unibertsitateak aurretik dituen erronkak azaltzeko, Gibertek jesuiten aita jenerala izandako Adolfo Nicolas zenaren legatuko pasarteak ekarri zituen gogora: "Unea ez da erraza, koronabirusaren krisiak gure bizimoduaren zati handi bat, lehen normal esaten geniona, astindu baitu”. Gibertek hitzaldian aipatutako eta banan-banan azaldutako hamabi esamoldeak hauek izan ziren: "Sakontasuna, sormena, unibertsaltasuna, biziberritze espirituala eta komunitarioa, instituzioen identitatea, bereizmena, mugak, kulturartekotasuna eta erlijioen arteko elkarrizketa, pobrezia, ekologia eta berradiskidetzea, gobernatzeko estiloa, gobernu egiturak, eta misio partekatua nahiz elkarlanekoa".
Giberten iritziz, unibertsitate edo goi mailako hezkuntza erakunde baten misiorik nagusienetakoa "munduaz egiten den irakurketari sakontasuna" ematea da: "Datuekin eta hipotesi kontrastatuekin lan egin eta arrazoiak eta arrazoi onargarriak formulatzea dira unibertsitateko bizitzaren parte. Eta horixe da egiten duguna, bilatzen duguna, irakasten duguna eta sustatzen duguna". Unibertsitateak prestakuntza ereduan sormena, berrikuntza eta arriskuak hartu behar dituela ere nabarmendu zuen azpeitiarrak; "sormena, hain zaila, unibertsitateri oso lotua den ekarpena da".