Parte hartzea bi puntu jaitsi da Gipuzkoan eguerdiko zenbaketan

Juan Luis Romatet 2020ko uzt. 12a, 14:58

Emakume bat botoa ematen Emakumeen Txokoan. (Anartz Izagirre)

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izaten ari den parte hartze datuen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Datu hauen arabera, Gipuzkoan izaten ari den parte hartze bi puntu behetik doa orain lau urte izandako hauteskundeekin alderatuta.

Eguerdiko 12:00etan izandako parte hartzearen datuak eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Gipuzkoan botoa emateko eskubidea dutenen %15,48k bozkatu dute, 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baino bi puntu gutxiago. Boza haietan gipuzkoarren %17,53k eman zuten ordurako botoa.

Hiru lurraldetan ematen ari da jaitsiera, baina Gipuzkoakoa da handiena. Hala, Araban datuak antzerakoak dira: %13,51 aurten, eta %13,92 2016an. Bizkaian, berriz, %13,49k eman dute botoa eguerdirako, eta parte hartze datua %14,51koa zen orain lau urte. Hiru lurraldeetako datuak kontuan hartuta, jaitsiera 1,2 puntukoa: %15,40 2016an, eta %14,14 aurten.

Jaitsiera honen atzean arrazoi desberdinak egon daitezke: goiz partean egin duen eguraldi kaskarra, pandemiak sortutako ardura, edota botoemaile batzuk posta bidez eman dutela beraien boza. Jaurlaritzak 18:00etan emango ditu hurrengo datuak. Gogoratu 20:00ak arte egongo direla hauteslekuak zabalik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide