EH Bildu nagusi Azpeitian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 12a, 21:57

Boto kontaketako irudi bat.

EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, 3.150 boto eskuratuta. EAJk 134 boz gutxiago jaso ditu, eta bigarren indarra izan da. Bi horiek baino askoz ere boto gutxiago eskuratuta, PSE-EE izan da hirugarren alderdi bozkatuena. Parte-hartze datua %59,61 izan da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino handiagoa. Dena den, 2016ko Eusko Legebiltzarrerako bozetatik bost puntu igo da abstentzioa.

Eusko Legebiltzarrerako bozak izan dira gaur, uztailak 12, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta boto zenbaketak aurrera doazen heinean, hasi dira herriz herriko datuak ematen. Azpeitian EH Bilduk irabazi ditu hauteskudeak, botoen %47,05 eskuratuta (3.150 boto). Bigarren indarra, berriz, EAJ izan da, bozen %45,05 batuta, eta EH Bilduk baino 134 boto gutxiagorekin (3.016 boto).

Hirugarren indarra, bi alderdi bozkatuenek baino emaitza askoz ere apalagoekin, PSE-EE izan da; 221 boz jaso ditu (botoen %3,3). Ahal Duguk 145 boto jaso ditu (%2,16), eta PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioak, berriz, 93 boz (%138). Horiez gain, 24 boto jaso ditu Voxek, 23 Equo Berdeakek eta hamar boto PACMAk.

11.321 herritar zeuden hauteslekuetara deituta gaurkoan, eta erdiak baino gehiago joan dira botoa ematera. Izan ere, %59,61 izan da parte-hartze datua. Eusko Legebiltzarrerako azken bozetako parte-hartzea kontuan hartuz gero, bost puntu igo da abstentzioa gaurkoan (2016an %64,93 izan zen herriko parte-hartze datua). Azpeitian ez ezik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere igo egin da gaur abstentzioa.

2016ko joera bera

2016an egin ziren azkenengoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta orduko hartan EH Bildu izan zen nagusi Azpeitian; 3.192 boto jaso ditu EH Bilduk. EAJ izan zen bigarren indarra, koalizioak baino 117 boto gutxiago jasota. Hirugarren indarra Elkarrekin Podemos izan zen orduan 407 boto eskuratuta, eta gaurko bozetan laugarren indarra izan da. Hain zuzen ere, PSE-EEk aurrea hartu dio Ahal Duguri. PSE-EEk 198 boto jaso zituen 2016an, PPk 169 boto eta Ciudadanosek 37 boz.

EAJ gailendu da

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ izan da alderdi bozkatuena, eta beraz, jeltzaleek irabazi dituzte bozak; 31 legebiltzarkide lortu ditu EAJk, orain dela lau urte baino hiru ordezkari gehiago. Botoen %39,12 jaso dituzte jeltzaleek, baina 48.000 boto galdu ditu.

EH Bildu izan da bigarren indarra, 22 legebiltzarkide eskuratu ditu koalizioak. Inoizko emaitzik onenak eskuratu ditu EH Bilduk; botoen %27,84 eskuratu ditu. PSE-EEk hamar legebiltzarkide lortu ditu, eta Elkarrekin Podemosek sei. PP-CSk bost ordezkari lortu ditu, eta Voxek bat.

Gaurkoan parte-hartze datuaren beherakada nabarmentzekoa izan da: %47,1 izan da abstentzioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide