Loiola atzeko parkea, "giltzapean"

Erabiltzailearen aurpegia Herritarren leihotxoa 2020ko uzt. 13a, 09:09

Koronabirusa dela-eta hartutako neurri ugarien artean itxi zuten Loiolako Santutegi atzeko parkea, baina beste gune batzuk ez bezala, itxita dirau, "giltzapean", eta horren "arrazoiak" zein diren galdetuz idatzi du herritar batek Uztarriara.

Hau da Loiolako atzeko parkea itxita mantentzen dutela-eta herritar horrek Uztarriara bidali duen idatzia:

"Asteak daramatzat zelatan, Loiola atzeko parke ederraren ateak noiz zabalduko ote dituzten. Hasiera batean, uler zitekeen egun batzuk gehiago itxita egotea, gauzak normaltasunera iritsi bitartean. Gaur egun, nire ustez, zentzurik ez du asteak eta asteak igaro ondoren parke hori giltzapetua edukitzeak, baldin eta normaltasun berria hau ez bada behintzat.

Esan behar dut parke horren erabiltzaileak, ia denak, adineko pertsonak garela, ezinduak horietako batzuk. Azken horiek maiz erabiltzen dute parke hori, kotxez bertaratu eta ondoren oinez ibiltzeko, nahiz eserlekuetan atseden hartzeko aukera eskaintzen duelako.

Ez dut uste, nire iritzi apalean, parkean egon ohi diren jesuitei kalterik egiten diegunik, beraiek ere abegitasunez kasu egin izan digutela kontuan izanda. Beraz, jakin nahi nituzke parkea itxita mantentzearen arrazoiak eta espero dut berandu baino lehen leku paregabe horretaz berriro gozatu ahal izatea.

Besterik gabe, jaso ezazue agur bero bat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide