Azpeitiko emakumeon ahotsak COVID19aren garaian egitasmoa jarri du martxan Emakumeen Txokoak. Testigantza bilketaren bitartez, herriko emakumeek pandemia garaian izan dituzten bizipenak ezagutu nahi dituzte. Izan ere, egitasmoaren sustatzaileen aburuz, emakumeen bizipenak itzalean gelditzen dira sarritan: "Emakumeen bizipenak eta esperientziak kontakizun ofizialetik kanpo gelditzen dira behin eta berriro, eta, espero genuen bezala, kontu bera gertatu da COVID-19ak sortutako konfinamenduan eta krisi egoeran". Hori dela eta, Azpeitiko emakumeek bizitako esperientzien kontakizunak jasotzea "ezinbestekoa" dela azaldu dute testigantza kanpainaren antolatzaileek, ondoren, pandemia garaian jazotako "errealitate desberdinak ikusarazteko".
Herriko emakumeen testigantzetatik abiatuta, hainbat gairen inguruko hausnarketa egitea dute helburu. Besteak beste, zaintza lanen, telelanaren, langabeziaren, emakumeenganako indarkeriaren eta arrazakeriaren inguruko hausnarketa egin nahi dute.
Testigantzak biltzeko galdetegi bat prestatu du Emakumeen Txokoak, eta beren bizipenak partekatu nahi dituzten emakumeek modu anonimoan egingo dute ekarpena. Testigantza emateko fitxa eskuragarri dago hemen.