Mikel Larrañagak Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako finalerdia jokatuko du zapatuan

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 23a, 10:09

Mikel Larrañaga.

Eneko Otaño beizamarraren kontra neurtuko ditu indarrak, Beizamako Illaunpe pilotalekuan, 18:00etan. Irabazlea finalera sailkatuko da. Harrijasotze txapelketetako saioak ere jokatuko dituzte larunbatean Beizaman.

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa ari da bukaerara iristen, eta dagoeneko jokoan dira finalerdiak. Lehen biak jokatuta, Beizaman izango da hirugarrena zapatuan, eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak Eneko Otaño beizamarraren kontra neurtuko ditu indarrak. Beizamako Illaunpe pilotalekuko lehia 18:00etan hasiko da.

Hainbat lan egin beharko dituzte aizkolariek: lehenik, 45 ontzako enborra ebaki beharko dute erlojuaren kontra; segidan, 65 ontzako beste enbor bat; eta bukatzeko, bi 54 ontzako eta lau 60 ontzako. Bi aizkolari horien lehiaz gain, baina, Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa jokatuko dute Mikel Lopetegi Urrak eta Urdax Magunazelaiak. Gainera, Emakumeen Harrijasotze Txapelketako lanak egingo ditu Karmele Gisasola Zelai III.ak.

Hirugarren eta azken finalerdia izango da zapatukoa, eta garailea finalera sailkatuko da. Hain zuzen ere, finalerako beste bi kideak erabakita daude dagoeneko. Iker Vicente izango da horietako bat; izan ere, joan zen asteburuan irabazi egin zuen Jon Rekondoren aurkako lehia. Bigarren finalista, berriz, Julen Alberdi Txikia IV.a da, atzo irabazi egin baitzuen Mugertza II.aren kontrako finalerdia.

Finala abuztuan izango da, baina ez dute zehaztu ez egun zehatza eta ez jokatuko den herria. Iaz ere hiru aizkolari horiexek jokatu zuten banakako lehiaren finala, eta Iker Vicentek jantzi zuen zuen txapela berriro ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide