Hogeitaka urte daramatza Aitziber Aizpuruk (Azpeitia, 1973) bata zuria jantzi eta bezeroei elikadura aholkuak ematen, baina COU amaitu zuenean azpeitiarrak ez zuen espero ia 25 urte beranduago dietista-nutrizionista izango zenik. Medikuntza edo erizaintza ziren azpeitiarrak buruan zituen ikasketetako batzuk, baina ikasketak hautatzeko zerrendan nutrizio ikasketak ere jarri zituen. "Diplomatura berria zen nutrizioarena Euskal Herrian; gurea hirugarren promozioa izan zen Nafarroako Unibertsitatean, pentsa". Selektibitatea amaitu bezain pronto, Kanadara joan zen Aizpuru bi hilabetez ingelesa ikastera, eta han zegoela, amak deitu zion unibertsitatetik gutun bat iritsi zitzaiola eta nutrizioko ikasketetan hartu zutela esanez. "Bada, horixe egingo dut", pentsatu zuen azpeitiarrak, eta hala, sorterria utzi eta Iruñera joan zen ikastera.
Oroitzapen politak ditu Iruñean bizi zen garaiaz, eta ikasle pisuan "mundial" pasatzen zutela dio. Diplomatura, ordea, ez zitzaion gustatu: "Karrera aspergarria zen, eta une batean ia-ia gorrotatu ere egin nuen". Aizpuruk jendearekin egin nahi zuen lan, baina diplomaturan izan zituen ikasgaiak ez zitzaizkiola gustatu dio: "Gurasoek asko animatu ninduten, eta azkenean, amaitu nuen diplomatura". Ikasketekin izan zuen esperientzia gazi-gozo hori, ordea, segituan pasatu zitzaion, Azpeitira bueltatu eta Eliku zentroa ireki zuenean: "Ikasketak amaitu ostean karrerako lagun bat eta ni Arrasatera [Gipuzkoa] joan ginen lan eskaintza batera. Hura hartu zuten postuan, eta une horretan triste jarri nintzen, baina gurasoek beti esan izan didate sekulako mesedea egin zidatela lan hartan ez hartzearekin, handik gutxira Eliku ireki bainuen". Egun, Aizpuruk garbi du berriro jaioko balitz gauza bera ikasiko lukeela: "Ez diot alde txarrik topatzen lan honi. Ia 24 ordu honetan pentsatzen igarotzen ditut; ingurukoek badakite nire lana zenbat gustatzen zaidan". Bezero asko kontsultara "leher eginda" joaten zaizkiola, eta horiek, denbora pasatu ahala, beren elikadura ohituretan zein gorputzetan aldaketak sumatzen hasten direnean, asko eskertzen diotela azaldu du. Berarentzat ere "oso atsegingarria" izaten da jendearen bilakaera ikustea.
Eguna elikaduraren inguruko aholkuak eta jarraibideak ematen pasatzen badu ere, jateko orduan bera ez dela "perfekzionista" dio Aizpuruk, eta tarteka-marteka pekatutxoak egiten ditu: "Errazena besteei zer egin esatea da, baina...". Hala eta guztiz ere, azpeitiarrak dio ahalegintzen dela bezeroei aholkuak eman beharrean, horiek beren ondorioak atera ditzaten uzten: "Nik uste dut denok dakigula zer komeni zaigun eta zer ez, baina beste pertsona batekin hori elkarbanatzeak asko laguntzen du". Ildo horretatik, Aizpuruk nabarmendu du berak ere asko ikasten duela bere bezeroengandik.
Botak jantzi eta Xoxotera
Sarri esan ohi da elikadura eta kirola bat eginda doazela, eta halaxe da Aizpururen kasuan ere. Txikitatik datorkio azpeitiarrari mendirako zaletasuna, eta Xoxotera buelta asko egindakoa dela aitortu du: "Triste nengoenean, nota txarrak ateratzen nituenean edo gurasoekin haserretzen nintzenean, botak jantzi eta Xoxotera joaten nintzen". Gaur egun ere ez du mendirako zaletasuna galdu, eta korrika egitearekin uztartzen du kirol ohitura. Izan ere, 32 urte ingururekin hasi zen lasterka egiten Aizpuru, Urte Zahar egun batean: "Azpeitiko San Silbestre lasterketa ikusten ari nintzen urte batean, neure buruari esan nion hurrengo urtean neu ere atera egingo nintzela”. Esan eta egin; azpeitiarrak bere buruari emandako hitza bete zuen, eta San Silbestreko lasterketa ez ezik, beste hainbat proba ere egin ditu ordutik. Gogoan du, bereziki, Behobia-Donostia proba lagun batzuekin egin zuen urtea, ezin izan baitzuen lasterketa amaitu. Horrek "kristoren pena" eman ziola argitu du: "Orduan esan nuen: 'Korrika egiteari utziko diot edo benetan serio hasiko naiz lasterka'". Eta etsi beharrean, bigarren aukera hautatu zuen Aizpuruk.
Hamarkada bat beranduago, berriz, koxka bat gorago aritzea erabaki zuen azpeitiarrak, eta 42 urterekin lehen maratoia egin zuen: "Maratoi bat egiteko gogoa sartu zitzaidan, eta Bartzelonakoa izan zen egin nuen lehena". Ordutik, beste bost maratoi egin ditu: Amsterdamekoa, Vienakoa eta Suitzako Junfrauko maratoia, besteak beste. Hainbeste probatan parte hartzeko astean hainbat aldiz egiten du kirola Aizpuruk: "Astean bizpahiru aldiz lasterka egitera eta beste pare bat aldiz mendira joaten naiz". Kirolak "bizipoza" ematen diola dio, eta bere bezeroei ere kirola egiteko aholkatzen diela azaldu du: "Eman dezakedan errezetarik onena horixe da: kirola egitea eta ondo jatea. Ez dago beste misteriorik". Ildo horretatik, azpeitiarrak dio ondo jaten duenak erraztasun handiagoa duela kirola egiteko, eta kirola egiten duenak hobeto jaten duela, normalean.
Bidaiak eta hizkuntzak
Laneko bata eranzten duenean, kirola ez ezik bestelako zaletasunik ere badu Aizpuruk; besteak beste, bidaiak. Urtean "bidaia potolo bat" egiten saiatzen dela adierazi du; iaz, adibidez, Vietnamera joan zen familiarekin, eta ikusitakoarekin "txundituta" gelditu zela aitortu du. Dietista-nutrizionista izanik, mokofina ere bada Aizpuru, eta herrialde hartako janariarekin erruz gozatu zuen; hango janariaren kalitatearekin eta prezioarekin "harrituta" gelditu zen. Bestalde, beste hainbat bidaia labur ere egin ohi ditu urtero, bai familiarekin, bai korrikako taldekoekin nahiz lagunekin: "Beti nora bidaiatu pentsatzen aritzen naiz. Aurten Marrakexera (Maroko) joateko asmoa genuen, baina egoera honekin...". Hain zuzen ere, etxean sarritan bidaiez pentsatzen eta horiek antolatzen jarduten duela dio; izan ere, familia ugaria izanda, bidaiak ondo pentsatu behar direla uste du Aizpuruk. Autokarabana bat ere badute familian, eta ozeanoa hegazkinez gurutzatu ezin dutenean, autokarabanarekin inguruko lekuak ezagutzen ere ibiltzen dira.
Bidaiak gustuko izanik, hizkuntzak ere garrantzitsuak direla uste du azpeitiarrak, eta arreta pizten dio horrek: "Beti pentsatu izan dut bizitza osoa ingelesa ikasten pasatu, eta hala ere, ez dudala gaitasunik solturarekin hitz egiteko. Ederra izango litzateke ingelesa ondo hitz egitea". Bidaiatzen duenean jendearekin hitz egiten moldatzen dela dio, baina maila hobea izatea gustatuko litzaioke, eta azken urteetan buruan duen zerbait da hori. Dena den, jakitun da lana tarteko eta hainbeste zaletasun izanda ez dela erraza horretarako astia topatzea. Kontuak kontu, Vietnamen, Iruñean zein Azpeitian, Aizpuruk argi du ez dela etxean errenditzekoa, eta hura topatu nahi duenak, lanean ez bada, lasterka, eta lasterka ez
bada, munduko beste txokoren batean begiratu beharko duela.