Herenegun hasi zuten Realeko neskek denboraldi-aurrea. Zubietan elkartu ziren lehen taldeko jokalariak aurreneko entrenamendu saioa egiteko, eta bi azpeitiar izan ziren bertan: Elene Viles eta Mirari Uria. Bi futbolariak emakumeen bigarren taldeko jokalariak dira izatez, baina lehen lansaiorako deitu zituzten taldeko gidariek.
Realaren bigarren taldea Lehen Nazional Ligan ariko da datorren denboraldian; izan ere, Euskal Ligako sailkapeneko buruan zen, koronabirusa tarteko lehia bertan behera utzi zutenean, eta mailaz zuzenean igotzea lortu zuen talde txuri-urdinak. Jarraian lortutako bigarren maila igoera dute Realaren bigarren taldeko emakumeek; 2018-2019 denboraldian Euskal Ligara igo ziren. Bigarren taldean bada beste azpeitiar bat ere: Haizea Uranga.