Txirrindulari kadeteentzako San Inazio Saria ohiko dataz kanpo jokatuko da aurten. Berez, igande honetan, uztailak 26, zen egitekoa koronabirusaren etenaren osteko Azpeitiko lehen lasterketa izango den hori; horrela aurreratu zuten ekainean Lagun Onak txirrindulari elkartearen arduradunek. Azkenean, ordea, lasterketa atzeratzea erabaki dute Lagun Onakekoek, eta abuztuaren 29an (larunbata) egingo dute.
Santio eta San Inazio jaien egitarauaren osagai izan ohi da urtero San Inazio Saria. Aurten ere lasterketa data horien bueltan egitea zen antolatzaileen asmoa. Baina aurten udako festarik ez dela antolatu ikusita, txirrindularitza hitzordua ere egun horietatik banantzeari egokiago iritzi diote Lagun Onak TEkoek. 2020koa San Inazio Sariaren 40. edizioa izango da.