Datozen egunetan "arduraz jokatzeko eta jende pilaketarik ez sortzeko" eskatu du Nagore Alkorta alkateak

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 29a, 15:01

Udalak eta hainbat eragilek festak bertan behera uztea adostu zuten uztailaren hasieran, eta, horrenbestez, ez da festa ekitaldirik izango Azpeitian datozen egunetan. Herritarrei arduraz eta errespetuz jokatzeko eskatu die Nagore Alkortak. Bisitariei, aldiz, Azpeitira ez etortzeko dei egin die. Era berean, alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei eta eragileei orain arte erakutsitako jarreragatik. 

Koronabirusaren agerpena eta hedapena jazo ez balira, gaurko egunez San Inazio jaien atarian egongo litzateke Azpeitia, baina aurten bestelakoa da egoera. Izan ere, Azpeitiko Udalak eta hainbat eragilek festak bertan behera uztea adostu zuten uztailaren hasieran, eta, horrenbestez, ez da festa ekitaldirik izango herrian. Dena den, datozen egunak herritarrentzat "egun seinalatuak" direla eta, "arduraz jokatzeko, planak birpentsatzeko eta jende pilaketarik ez sortzeko" eskatu du Nagore Alkorta alkateak.

Egitaraurik gabe, festarik ez dela izango azpimarratu du Alkortak, eta jende pilaketak sahiesteko neurriak hartu dituztela gogoratu du: "Saninazioak festa bereziak dira azpeitiarrontzat, baina aurtengoan ez da festarik ospatuko. Gainera, egun berezi horietarako neurri bereziak adostu ditugu tabernariekin. Aforoa zorrotz kontrolatuko da, terrazan edo taberna barruan soilik kontsumitu ahalko da, udaltzaingoa indartuko da egun horietan eta tabernak, jatetxeak eta soziedadeak 00:00etan itxiko dira".

Azpeitiko alkateak adierazi duenez, aurtengo festetan "ardura eta errespetua" erakustea dagokie herritarrei: "Saninazioak benetan festa maiteak dira azpeitiarrontzat, dugun onena erakusten dutelako: elkarlana, parte-hartzea, aniztasuna, berdintasuna, elkartasuna... Halere, aurten beste modu batera bada ere, dugun onena erakusteko garaia da: erakuts ditzagun ardura eta errespetua. Ardura, herritar guztion osasuna zaintzeko; eta errespetua, gaixotasun honen aurrean zaurgarrienak diren kolektiboekiko eta beldurrez daudenekiko".  

Bisitariei ez etortzeko deia

Azpeitiko bizilagunei arduraz jokatzeko eskatu die alkateak, baina bisitariei ere eskaera zehatza egin die Alkortak. Hain zuzen, saninazioetako egunetan Azpeitira ez etortzeko deia egin die bisitariei: "Egoera hobetzen denean, guztiak esku zabalik hartuko ditugu, baina bereziki uztailaren 30 eta 31n eta abuztuaren 1ean ez etortzeko deia egin nahi diegu, ez dagoelako ospakizunetarako baldintzarik". 

Orain arteko jarreraz, eskertuta

Azpeitiko Udalak gutun bat bidali du etxez etxe, Nagore Alkortaren mezua herritar guztiengana irits dadin. Bertan, Azpeitiko alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei orain artean erakutsitako jarreragatik. Era berean, udalak hartutako neurriak gogorarazi eta ardura eskatu die herritarrei. "Herritarrei eta eragileei hilabete hauetan gertu sentitu dugun konpromiso horrengatik eskerrak eman nahi dizkiegu. Eskerrak erakutsitako jarreragatik”.

Gutunaz gain, bideo bat plazaratu du Azpeitiko Udalak. Hona hemen Nagore Alkorta alkatearen adierazpenak jasotzen dituen bideoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide