Azken orduetan, beste koronabirus kasu positibo bat zenbatu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Azpeitian. Joan zen abuztuaren 4az geroztik herrian detektatu duten seigarren positiboa izan da.
Koronabirus kasu positiboak zenbatu dituzte azken egunetan Azkoitian ere. Azken orduetan, ordea, sei kasu berri atzeman dituzte han. Orotara, hamar kasu zenbatu dituzte Azkoitian azken egunetan. Azpeitiko eta Azkoitiko kasuez gain, Urola Kosta eskualdean ez dute gehiago atzeman atzotik gaur arte.
Uda garaian kostaldeko herrietan ezagutu dira koronabirus kasu gehienak, Zarautzen, Getarian eta azken egunotan Zumaian ere bai. Dena den, azken orduetan ez da COVID-19 kasurik izan kostako herrietan.
Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, beste 259 kasu positibo izan dira atzotik gaur arte. Gehienak Bizkaian detektatu dituzte –180 kasu–, Gipuzkoan 44 positibo zenbatu dituzte, eta Araban 35. PCR probetan positibo emandako beste sei kasuren berri ere eman du Osasun Sailak.