Bakarrizketa saioei helduko die berriz ere Zuhaitz Gurrutxagak. Duela bospasei urte Confidencias de un futbolisto lanarekin aritu zen herriz herri eta antzokiz antzoki futbolari ohi eta telebistako aurkezlea, eta agertokietara itzuliko da FutbolisTOK izeneko euskarazko bakarrizketarekin.
Abuztuaren 21ean, ostiralez, Soreasu antzokian (22:00) estreinatuko du lan berria euskaraz elgoibartarrak, eta dagoeneko salgai daude emanaldirako sarrerak Kulturaz.eus webgunean, 11 euroren trukean. Gurrutxagak Espainiako Lehen Mailan futbolean aritu zeneko bizipenak izango ditu hizketagai.