Espainiako Jesusen Lagundiak ohar bidez jakinarazi duenez, Loiolako Gogartetxean koronabirusaren agerraldi bat izan da egunotan. Hain zuzen ere, Gogartetxean ziren lau lagunek eman dute positibo PCR proban, eta denak konfinatuta daude.
Duela hiru egun 88 urteko erlijioso batek positibo eman zuen PCR proban, eta hurrengo egunetan Gogartetxean ziren pertsona guztiei –egonaldian zirenak, erlijiosoak nahiz langileak– egin zien proba Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Proba horietan beste hiru lagunek eman zuten positibo, eta Gogartetxeko ordezkariek eta Osakidetzakoek abuzturako aurreikusitako jarduera oro bertan behera uztea, etxea ixtea eta han ziren pertsonak konfinatzea erabaki zuten.
COVID-19a atzeman dieten lau lagunak konfinatuta daude, eta Gogartetxean ziren pertsona guztiak ere konfinatuta izango dira datozen hamar egunetan, Jesusen Lagundiak azaldu duenez. Erakundeak azaldu duenez, Loiolako Santutegian eta Jesuiten komunitatean ez du eraginik izan fokuak.