Joan zen ostiraletik igandera, hau da, abuztuaren 7tik 9ra, bitartean Alde Zaharrean –plazan barne– izan ziren herritarrei PCR proba egitera joateko deia egin die Osakidetzak; izan ere, fokuaren jatorria Erdikalean egon daitekeela uste dute. Herritarrek anbulatoriora edo Osasun Aholkularitzaren 900-20 30 50 telefono zenbakira deitu beharko dute proba egiteko hitzordua eskatzeko.
Gaur bertan –15:00etatik 20:00etara– hasiko dira PCR probak egiten Betharrametako pilotalekuan muntatuko duten karpan, eta bihar ere egingo dituzte, 08:00etatik 20:00etara bitartean. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Uztarria.eus-i azaldu dionez, igandean ere egingo dituzte probak beharrezkoa baldin bada.
COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak –sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak, usaimen galera...– edukiz gero, edo sintomarik ez baina PCR probaren zain dauden herritarrei etxean isolatzeko eta osasun etxera deitzeko eslatu die Osakidetzak. Aldi berean, "lasaitasun" mezua zabaldu nahi izan du Osasun Sailak, eta halako neurriak prebentziorako baino ez direla gogorarazi du; hau da, "transmisio komunitarioa ahalik eta lasterren detektatzeko eta kutsadura ez zabaltzeko".
Fokoaren aurrean
Gaur, ostirala, hamahiru koronabirus kasu atzeman ditu Osasun Sailak Azpeitian, eta Azpeitiko alkateak azaldu duenez, herria "foko" baten aurrean dagoela dirudiela esan du. Horregatik, prebentzio neurriak hartzearen garrantziaz ohartarazi eta arduraz jokatzeko deia egin du.
Udala Osasun Sailarekin harremanetan dagoela azaldu du Alkortak, eta jakinarazi du probak egiteaz gain, zer neurri hartu aztertzen ari direla. "Prebentzio neurriak gogortuko ditugu, eta denon artean saiatu behar dugu fokoa geldiarazten".