Koronabirusa Azpeitian

650 bat PCR proba egin zituen Osasun Sailak atzo Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 15a, 12:55

Atzo PCR proba egiteko izan zen ilarako irudi bat.

Gipuzkoan 64 kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak azken orduetan, baina ez du herriz herriko daturik kaleratu, asteburuetan ez argitaratzea erabaki zuelako orain dela aste batzuk. Joan zen asteburuan Alde Zaharrean izan ziren herritarrei gaur ere PCR probak egingo dizkiete Betharramen.

Atzo, ostirala, 8.263 PCR proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta guztira, 575 koronabirus kasu atzeman zituzten proben emaitzetan. Azpeitian, adibidez, 650 bat proba gauzatu zituen Osasun Sailak atzo, Alde Zaharrean izan den agerraldiaren harira egindako deialdia dela eta –joan zen asteburuan Alde Zaharrean izan ziren herritarrei PCR probak egiten ari dira Betharramen atzo hasita–.

Azken orduetan, 126 kasu detektatu dituzte Araban, 378 Bizkaian eta 64 Gipuzkoan. Gainera, Arabatik, Bizkaitik nahiz Gipuzkoatik kanpo bizi diren herritarren artean zazpi kasu zenbatu dituzte azken 24 orduetan. Dena den, Osasun Sailak ez ditu herrikako datuak ematen asteburuetan, eta gaur larunbata izanik, ez ditu kaleratu. Herrikako datuak astelehenean eguneratuko dituzte.

Atzokoan 31 lagun ospitaleratu zituzten, eta gaur-gaurkoz, 145 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan. Horietatik hamahiru daude ZIUn.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide