Alde Zaharreko ostalaritza establezimendu guztiak desinfektatu zituzten atzo, astelehena, eta gaur jasoko dute hori horrela dela egiaztatzen duen agiria. Behin agiria jasota, segurtasun neurri guztiak hartuta lanean hasteko aukera izango dute berriz ere. Udalak enpresa bat kontratatu du zeregin horretarako, eta erakundeak azaldu duenez, itxita zeuden taberna oro desifektatuta daude dagoeneko.
Joan zen ostiralaz geroztik itxita dira Alde Zaharreko taberna guztiak behin-behinean, koronabirusaren hedapena hartutako prebentzio neurriei jarraituz. Izan ere, Alde Zaharrean izandako koronabirus agerraldiaren harira, bilera egin zuten eremu horretako ostalariek eta udalak, eta orduan erabaki zuten tabernak ixtea. "Gure helburu bakarra fokua lokalizatzea eta ahalik eta gutxien zabaltzea da”, adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.
Fokua Alde Zaharrean atzeman badute ere, udalak PCR proba egiteko eskatu die herriko jatetxeetan nahiz tabernetan lan egiten duten herritar guztiei. Erakundeak Osasun Sailaren adostu du deialdi hori egitea, eta gaur banatuko dituzte gutunak ostalaritza gune guztietan. "Fokuaren dimentsioa zenbaterainokoa den zenbat eta lehenago jakin, orduan eta azkarrago hasiko gara egoerari buelta ematen. Beraz, garrantzitsua da herriko ostalari guztiek probak egitea", azaldu du Labakak.
Proba egiten duten tabernaren edo jatetxeren bateko langileren batek positibo emango balu, udalarekin harremanetan jarri beharko du. Izan ere, Alde Zaharrean egin bezala, erakunde hori arduratuko da establezimendua desinfektatzeaz.