Alberto Sololuzeren familia: "Gure ondoan egon zarete denbora guztian, eta ez gara inoiz bakarrik sentitu"

Julene Frantzesena 2020ko abu. 20a, 09:48

Zaldibarko zabortegiko irudi bat.

Sei hilabete baino gehiago haren bila pasatuta aurkitu dituzte Alberto Sololuzeren gorpuzkiak Zaldibarko zabortegian. Sololuzeren senideek –tartean Nahia alabak– esker hitzak izan dituzte bilaketa lanetan aritu diren pertsonentzat eta sei hilabete hauetan beren ondoan izan direnetzat. Joaquin Beltran aurkitu arte "bake osorik" ez dutela izango adierazi dute.

Alberto Sololuzeren senideek "esker ona" adierazi diete haren bilaketan eta aurkikuntzan parte hartu duten guztiei. "Nahiz eta oso egoera bereziak bizitzea egokitu zaigun, haiek ez dute etsi. Denok izan gara haien ahaleginaren eta borondatearen lekuko". Ohar bidez egin dituzte adierazpenak Zaldibarko zabortegian aurkitutako gorpuzkiak beren senidearenak direla baieztatu ostean.

Nahia Sololuze, Albertoren alaba, Azpeitian bizi da, eta hark eta senideek esker ona adierazi nahi izan diete "hilabete bukaezin hauetan guztietan" elkartasuna erakutsi dieten lagun denei: "Gure ondoan egon zarete denbora guztian, eta ez gara inoiz bakarrik sentitu".

Joan zen otsailaren 6an jazo zen luizia Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling enpresan, eta milaka tona hondakinen azpian harrapatuta gelditu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak. Berehala hasi zituzten gorpuak aurkitzeko lanak, baina sei hilabete baino gehiago behar izan dituzte lehen aztarnak aurkitzeko.

Hain zuzen ere, joan zen igandean aurkitu zuten lehen giza hezurra: berna hezur bat oihalez inguratuta. Sololuzek lan egiten zuen baskularen ondoan topatu zuten hezurra, baina bilaketa lanetan ari zirenek 23 metro behera egin eta 250.000 metro kubiko zabor mugitu behar izan zituzten. Asteartean, berriz, objektu gehiago aurkitu zituzten, eta hezurrak sololuzerenak zirela baieztatzeko DNA probekin hasi ziren. Eusko Jaurlaritzak atzo baieztatu zuen gorpuzkiak Sololuzerenak zirela.

Sololuzeren gorpuzkiak aurkitu dituzte, baina ez Beltranenak. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, beste bi aste inguruan gune berean segituko dute lanean, baskularen inguruan, eta Beltran han agertuko ez balitz, beste eremu bat arakatuko dute. Sololuzeren senideek adierazi dutenez, ez dute "bake osorik" izango hura agertu arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide