Katapulta Tour Gipuzkoa 2019 zirkuituaren barruan, kontzertu bana eskainiko dute Ezpalak eta Beste urtaroak taldeek bihar, igandea. 20:00etan hasiko dira emanaldiak, Sanagustin kulturgunean, eta sarrera doakoa izango da.
Grises taldeko Eñaut Gaztañagak, Voltaiako Unai Eizagirrek, Los Mothseko Juanjo Berasainek eta Bulegoko Xabi Arrietak 2019an sortutako taldea da Ezpalak. Fuzz soinuak eta riff indartsuak ahots melodikoekin nahasten ditu taldeak Ezpalak izeneko bederatzi abestiko lehen diskoan.
Beste urtaroak taldea, berriz, Iker Laurobak, Leire Leturiak, Olaia Inziartek, Urbil Artolak, Maria Soriazuk eta Andoni Etxebestek osatzen dute. Iker Laurobaren abestiak hartu eta folk esparrura eraman dituzte hainbat musika tresna erabilita, hala nola pianoa, gitarra, lap steel-a, ukelelea, banjoa...