Ignacio Otaño (Azpeitia, 1995) atezainak Tudelano taldean jokatuko du 2020-2021 denboraldian, Tenerifek utzita. Bi denboraldi egin ditu azpeitiarrak Espainiako Bigarren B Mailako Tenerife B taldean, eta datorren denboraldian ere maila berean ariko da, baina Tuterako (Nafarroa) taldearekin. Gainera, beste azpeitiar bat ere izango du taldean: Mikel Orbegozo. Hark urtebeterako kontratua sinatu du Nafarroako taldearekin.
Futboleko aurreneko urratsak Lagun Onak futbol taldean egin zituen Otañok, eta Realera joan zen ondoren. Hiru urte eman zituen han, eta etxera itzuli zen 2014. urtean, Lagun Onakeko lehen taldearekin jokatzeko. Gero, Bigarren B Mailako Real Union taldearekin aritu zen, eta 2018ko udan fitxatu zuen Tenerifek. Kanariar Uharteetako klub horretako gizonen bigarren taldean jokatu du azpeitiarrak azken bi denboraldietan.