Gutuna

Eskerrik asko, bihotzez, Juan Joxe

Nagore Alkorta eta Eneritz Albizu 2020ko abu. 24a, 09:30

Juan Joxe Agirrek ateratako argazki bat.

Juan Joxe Agirreren heriotzaren harira, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Eneritz Albizu udaleko kultura zinegotziak udalaren izenean idatzitako gutuna da honakoa.

Juan Joxe Agirre ikusten genuen bakoitzean, naturari oso lotutako gizon bat ikusten genuen, tradizio handiko pertsona; gure arbasoak eta haien bizimodua maite zituena, baina etorkizunari begira bizi zena. Juan Joxerekin batera miresten genituen paisaiak, urtaroak, eguzki printzak eta behe-laino itsuak. Gure bazterren historia eta istoriak kontatu dizkigu, eta betirako geure egin ditugun irudiak utzi ditu argazkilariak. Atzo, igandea, utzi gintuen Juan Joxek; espero gabeko atsekabe batekin bukatuko dugu aurtengo uda. Lerro hauen bitartez, udalaren izenean, doluminak eman nahi dizkiogu familiari, hurbileko lagunei eta Azpeitiko Argazki Elkarteko kideei.

Jakinduria eta ibilbide handiko pertsona zen Juan Joxe, beti umiltasunez jarduten zuena. Langile nekaezina, beti proiekturen batean sartuta. Juan Joxeren kamararen objektibotik jaso ditugu, besteak beste, Azpeitiko 400 baserri ingururen argazkiak, Nuarbeko sokatira taldearen iruditegia edota herriko sagardoaren tradizioa jasotzen duen irudi-mapa, Laxaro Azkuneren azalpenei lagunduz. Atzeko lanetan ere ohikoa zen, ordea. Azkena, Pepe Gil. Azpeitiko memoria grafikoa 1966-2007 liburua osatzeko 22.000 argazki baino gehiago digitalizatu zituen. Etxekoek soilik jakingo dute zenbat ordu pasatu zituen Agirrek, herriari historia zati bat oparitzeko.

Liburuak, erakusketak, lehiaketak... Juan Joxe beti zegoen argazkigintzari lotutako edozeri heltzeko prest. Argazki elkarteko gainontzeko kideekin batera, udalaren kolaboratzaile fina izan zen, eta herriko beste eragileekin elkarlanean jarduteko borondatea erakutsi zuen. Herriko kultur mugimenduari ekarpen handia egin dio. Hain zuzen, argazki elkarteko sortzaileetako bat izan zen, eta bere bizitzako 50 urte inguru eskaini zizkion argazkilaritzari. Asko utzi diguzu, eta beti oroituko zaitugu. Gugan iraungo dute zure lanerako grinak, umiltasunak eta, presaz betetako mundu honetan, zure argazkiekin utzi diguzun patxadak.

Eskerrik asko, bihotzez, Juan Joxe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide