III. Euskal Pentatloi Saria Azpeitian jokatuko dute irailaren 5ean

Anartz Izagirre 2020ko abu. 25a, 09:58

Xabier Zaldua iazko irabazlea, II. Euskal Pentatloi Sariko une batean. (Uztarria)

Hamasei kirolari nor baino nor gehiago arituko dira irailaren 5ean Zezen Plazan; tartean, Kepa Peñagarikano azpeitiarra. Guztira, bost proba egin beharko dituzte parte hartzaileek.

Hitzordu garrantzitsua izango dute hainbat kirolarik datorren irailaren 5ean, zapatua, Azpeitiko Zezen Plazan. Izan ere, bertan jokatuko da III. Euskal Pentatloi Saria, 18:00etan hasita. Guztira, hamasei kirolari arituko dira nor baino nor gehiago lehian, eta bost proba egin beharko dituzte. Alde batetik, 100 kiloko bolari hamar jasoaldi egin beharko dizkiote; giza-proban plaza bat egin beharko dute; aizkoran, 54 eta 45 hontzako egur bana moztu beharko dute; txingekin hiru plaza egin beharko dituzte, eta korrikan, berriz, kilometro bat.

Pentatloia egingo duten kirolarien artean Kepa Peñagarikano azpeitiarra dago, eta eskualdeko nahiz beste herrietako hamabost kirolari izango ditu hark aurkari: Luis Txapartegi, Xabier Zaldua —iazko irabazlea—, Beñat Amade, Joxean Olaskoaga Aizperro, Andoni Izeta VI, Xabier Arria V, Ousmane Drame, Iñaki Errazkin, Aratz Mugerza, Jon Zelai V, Daniel España, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Jagoba Otaegi eta Unai Ardeo.

Peñagarikanok ezin izan zuen iazko Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartu, istripu bat izan baitzuen aizkorarekin entrenatzen ari zela, baina aurten horretarako aukera izango du. Bestalde, joan zen uztailean I. Binakako Euskal Pentatloia jokatu zuen azpeitiarrak Aizperrorekin batera Tolosako (Gipuzkoa) Zezen Plazan, eta bigarren postua erdietsi zuen bikoteak proba hartan. Horrez gain, azpeitiarrak Aizperroren aurkako apustua irabazi zuen joan zen uztailean. Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarriak Peñagarikanori apustua irabazi ostean egindako elkarrizketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide