Gogorra etorri zaiguk Ugaitz. Ezbehar gaizto batek mendean hartu eta betirako eraman hau, orain arteko onenean hintzela. Marka duk gero, saminak zenbateko zuloak uzten dituen jendearen bihotzean! Tamalez sarri gertatzen dituk espero gabeko galera handiak, baina hala ere ez gaituk sekula ohituko.
Etxean, lagun artean eta herrian utzi berri duan hutsunea ez duk nolanahikoa, eta Lagun Onak taldea osatzen dugunok ere jota gaudek. Izan ere, hire irudia, bizipoza eta alaitasuna gogora ekarri orduko hainbeste dituk trumilka datozkigun hik emandako gauza onak. Hitz hauek hiri zuzentzen dizkiagu, beste pixka batean hirekin egon nahi diagulako oraindik, ez diagulako etsi nahi hainbeste edertasuni behin betiko agur esanda.
Bikaina izan duk gugan utzi duan arrastoa. Balioak zelaian gure leloak hire neurrira egina ematen zian, eta umiltasuna, eta konpromisoa, eta beste zenbat alderdi hunkigarri eta aparten jabe ez haiz izan ba!
Berezko hituen dohainei, hemen gure artean hartutakoak eta kanpoan ikasi hituenak batu, eta goi mailako kirolaria izatera etorri haiz. Hala ezagutu haugu zelaian, aldageletan, bulegoetan, herrian. Erakutsi diguk gauzak ondo ez datozenean irribarre batek zenbat leuntzen dituen ertzak, elkar hartzeak ematen duen indarra, eta talde baten barruan ere zein garrantzitsua den nor izan jakitea. Bakoitzak norberetik emanda sendotu ohi du taldea. Hik hala egiten asmatu huen.
Asko disfrutatu diagu futbola maite dugunok hire jokoarekin Ugaitz, baloia limurtzeko arte horrekin magia egiteko gaitasuna ez zaiguk berehalakoan ahaztuko, ezinezkoak ziruditenak egiteko kemena eta irudimena. Eta onenean, goi-goiko mailan ari hintzela utzi gaituk. Hau mina!
Asko gozatu diagu hi gertutik ezagutzeko suertea izan dugunok, eta Lagun Onak osatzen dugun talde saiatu honetan, lehendik ditugunez gain, orain badiagu beste zintzotasun eta apaltasun ispilu eder bat, nekeak edo ezinak estutzen gaituenean nora begira jarri ikasteko.
Eskerrik asko Ugaitz! Asko emanda bai, baina oraindik asko hartzeko hengoela joan haiz. Badakik, hitzak haizeak eramaten dizkik baina barruko korapiloa askatzen laguntzeko eta hi atzenekoz agurtzea pittin bat atzeratzeko balio izango zigutek lerro hauek behintzat.
Hemen denok zekiagu taldeko jendea garela eta hi ere beti izango haugu gure saldokoa. Kontua duk orain hi gabe, hik maite izan duan eta hi maite eta hire faltak hainbeste erasan duen ingurua zaintzeko lana hartuko diagu. Etxekoak, lagunak, taldea …
Gugan utzi duan arrastoak lagun gaitzala urte askoan Ugaitz. On egingo ziguk.
Besarkada bat!
Laguneko familia osoaren partetik