Azpeitiko agerraldia "kontrolpean" dagoela adierazi du Nagore Alkorta alkateak

Anartz Izagirre 2020ko abu. 26a, 15:31

Nagore Alkortak eskerrak eman dizkie herritarrei, Osakidetzako langileei eta Osasun Saileko goi kargudunei koronabirusaren agerraldiaren aurrean erakutsi duten jarreragatik. Birusa saihesteko prebentzio neurriak hartzen jarraitzeko eskatu die azpeitiarrei.

Ia bi aste pasatu dira Azpeitian koronabirusaren fokua atzeman zutenetik, eta ordutik hainbat izan dira PCR probak egin eta berrogeialdian egon diren herritarrak. Azken asteetan, Azpeitiko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila elkarlanean aritu dira fokua identifikatu eta kontrolpean izateko, eta Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, dagoeneko "kontrolpean" dute fokua: "Nabarmendu nahi dugu bi erakundeok adostasunez hartu ditugula neurri guztiak, eta anbulatorioko zuzendaritzaren laguntza ere izan dugula". Azken 24 orduetan, bi positibo hauteman dituzte herrian.

Bestalde, alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei, Osakidetzari nahiz Osasun Saileko goi kargudunei egindako lanagatik: "Herritar guztiak eta Osakidetzako langileak, langileetatik hasi eta goi karguetaraino, sailburua barne, oso gainean izan dira egun hauetan", azaldu du Alkortak. Horrez gain, udaleko boluntario sareko kideei eta "ingurukoak babesten" ibili diren herritarrei ere eskerrak eman dizkie. Hala eta guztiz ere, birusa "gure artean" dagoela nabarmendu du Alkortak, eta prebentzio neurriak "berdin-berdin" mantentzeko eskatu die azpeitiarrei, "bizikideen osasuna eta bizitza jokoan" daudela argudiatuta.

Udala, laguntzeko

Bestalde, udalak adierazi du herritarrei laguntzeko lanean diharduela, eta Gizarte Zerbitzuak nahiz boluntario sarea martxan daudela behar dutenentzat: "Gure aldetik udal instalazioak irekiko ditugu bihar. Barruko zein kanpoko igerilekuak, turismo bulegoa eta liburutegia erabilgarri izango dira. Horretarako, protokoloetan aldaketak egin ditugu, segurtasun osoa bermatzeko asmoz", gaineratu du alkateak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide