Azken txanpan da migratzaile eta errefuxiatuentzako arropa eta materiala biltzeko ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2020ko abu. 27a, 10:16

Abuztuaren hasieran Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) taldearentzako arropa eta material bilketa abiatu genuen Elkar-ekinetik. Arropaz gain hainbat materialen beharra ere badute, hain justu Elkargunean aurkitzen ez direnak asko. Hori dela eta, dei berezi hau egin genien Azpeitiko herritarrei behar ez dituzten edo soberan dituzten eta berrerabiltzeko moduan dauden material eta arropak Elkargunera ekartzeko.

Gaur, osteguna, eraman ahal izango da arropa eta materiala Elkarguneko Bigarren eskuko arropa dendara, eta ostirala eta larunbata izango dira horretarako azken egunak. Eskertzen dugu Elkar-ekinetik herritarrak egiten ari diren ahalegina. Kontuan izanda abuztuan gaudela eta gauden egoeran gaudela, jendartea erantzuten ari delakoan gaude, eta oraindik ere ekarpena egin nahi duenak bihartik larunbatera badu horretarako aukera.

 

Aurreratu genuen bezala OEE taldeak Bilbon duen biltegi solidariorako material bilketa egiten ari gara, OEE taldekoek parean aurkitzen dituzten pertsonei laguntzeko bitartekoak eduki ditzaten eta bizi ditugun garaietan gure herrira iristen direnek ere zerbait eduki dezaten. Animatu, eta egin ekarpena, ongi etorria izango da eta! Aldez aurretik eskerrik asko!

 

Materiala jasotzeko gunea: Elkarguneko bigarren eskuko arropa denda

Materiala jasotzeko azken egunak:

 

  • Gaur, osteguna.16:00etatik 20:00etara.

  • Bihar, ostirala. 16:00etatik 20:00etara.

  • Etzi, larunbata. 10.00etatik 13:30era.

Behar den materiala:

 

  • Kanpin-denda txikiak

  • Lo zakuak eta esterilak

  • Toallak (zuriak hobe ez)

  • Oinetakoak: mendikoak eta kiroletakoak (39tik 45era neurrikoak)

  • Motxila txikiak

  • Mutilen arropa: prakak, txanodun jertseak (neurriak S, M eta K), eta negurako arropa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide