Gaur, osteguna, ireki dituzte berriro igerilekua eta gainontzeko udal zerbitzuak, eta Kirol Patronatuak dagoeneko prest du datorren ikasturterako kirol jardueren eskaintza. Ikastaroak irailean hasiko dira, eta oraindik ere eman daiteke saio horietarako izena. Ohiko moduan, igerilekuko harreran eman ahalko da izena.
Askotariko ikastaroak prestatu ditu Azpeitiko Udalaren patronatuak ikasturte berrirako. Hain zuzen ere, haurrei, gaztetxoei nahiz adinekoei zuzendutako jarduerak, gorputza orekatzeko eta aktibatzeko saioak, intentsitateko altuko ikastaroak zein uretako jarduerak egin ahal izango dituzte herritarrek 2020-2021 ikasturtean. Besteak beste, honako jarduera hauek prestatu ditu Kirol Patronatuak: pilates, core, mantentze gimnasia, zumba, total training, zumba fitness, cycling, TRX, igeriketako teknifikazioa nahiz umeentzako igeriketa saioak.
Ikastaroen inguruko informazio gehiago nahi duenak, 943-81 41 21 telefonora deitu dezake edo igerilekua@azpeitia.eus helbidera idatzi.