Dena prest zapatuan jokatuko den III. Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketarako

Mailo Oiarzabal 2020ko ira. 3a, 10:32

Kepa Peñagarikano Tolosan, Binakako I. Euskal Pentatloian. (Ataria)

18:00etatik aurrera, hamabost kirolari lehiatuko dira zezen plazan, hilaren 26an toki berean jokatuko den finalerako sei txartelak jokoan dituztela. Kepa Peñagarikano azpeitiarra tartean izango da.

Hirugarren urtez jarraian, euskal pentatloiarekin hitzordua izango dute herri kirolzaleek irailean Azpeitian. Eta iaz bezala, hitzordua bikoitza izango da aurten ere, kanporaketa saioa eta finala jokatuko baitituzte herriko zezen plazan.

Zapatu honetan, 18:00etan hasita, jokatuko dute III. Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketa saioa. Azkenean, hamabost izango dira finalerako lekua irabazten saiatuko diren kirolariak; izan ere, Luis Txapartegi aizarnarra ez da osatu San Inazio egunean Tolosan Binakako I. Euskal Pentatloi Sarian parte hartzea eragotzi zion lesiotik, eta ezingo du parte hartu banakako aurtengo txapelketan. Kepa Peñagarikano da parte hartuko dutenetako bat, eta hauek izango ditu lehiakide azpeitiarrak: Xabier Orbegozo Arria V.a, Joxean Olaskoaga Aizperro, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Beñat Amade, Ousmane Drame, Iñaki Errazkin, Aratz Mugertza, Jon Gisasola Zelai V.a, Daniel España, Julen Kañamares, Julen Gabirondo, Unai Ardeo eta Xabier Zaldua.

Gehienak aurreko bi edizioetan edo horietakoren batean parte hartutakoak dira, baina badira etziko saioan pentatloian estreinatuko direnak ere: Gabirondo segalari txapelduna, España aizkolari segoviarra, Kañamares aizkolari aroztegiarra, eta Izeta VI.a aiarra. Azken bi horiak binakakoan lehiatu ziren Tolosan –Izetak txapela jantzi zuen Tolosan, Arriarekin batera–, baina banakakoan lehen esperientzia izango dute zapatukoa.

Zaldua zumarragarrak irabazi ditu Euskal Pentatloiaren aurreko bi txapelak, eta hura haustea izango da, beraz, gainerako kirolarien helburua. Aurrena, ordea, finaleko sei txarteletako bat eskuratzea da kirolariek egin beharrekoa, txartel horiek dira-eta etzi Azpeitian jokoan izango dituztenak. Finala hil honen 26an jokatuko da, Azpeitiko zezen plazan bertan. Aurreko bi urteetan bezala, gauez izango da, 22:00etan hasita, eta Euskal Telebistaren lehen kateak zuzenean emango du. Etzikoa, aldiz, diferituan ikusi ahal izango da telebistan.

Lanak eta txandak

Bost proba osatu beharko dituzte kirolariek zapatuko kanporaketan: 100 kiloko bola hamar aldiz jaso, giza-proban plaza bat egin, aizkoran 54 eta 45 ontzako enbor bana moztu, txingekin hiru plaza osatu, eta korrika kilometro bat.

Hirunakako bost txandatan lehiatuko dira. Txandak zozketa bidez osatu dituzte, eta hauek dira: Zaldua, Izeta VI.a eta Drame ariko dira lehen txandan; Peñagarikano, Aizperro eta Zelai V.a, bigarrenean; Amade, Errazkin eta Mugertza, hirugarrenean; Arria V.a, España eta Kañamares, laugarrenean; eta Gabirondo, Otaegi eta Ardeo, azkenik, bosgarren txandan.

Sarrerak, salgai

III. Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketa saiorako sarrerak aurrez salgai jarri dituzte antolatzaileek. Aiako Izeta sagardotegian, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako Kantabriko tabernan eros daitezke sarrerak, 20 euroren truke. Baina lehiaketaren egunean bertan ere izango da eskuratzeko aukera zezen plazan bertan; 16:00etan irekiko dute hango leihatila zapatuan.

Iaz, kanporaketa saioan zein finalean 1.500 bat ikusle elkartu ziren Azpeitiko zezen plazan. Aurten, ordea, milatik behera sarrera saldu ditzakete antolatzaileek. Izan ere, COVID-19 gaitzaren hedapena eragozteko neurriak bete behar dituzte, eta horien barruan sartzen da ikusleen arteko distantzia areagotzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide