Gipuzkoako Futbol Federazioa gidatzeko hauteskundeetara aurkeztuko den Garai Berriak taldea babestuko dute Iñigo Arregi, Pedro Urdapilleta eta Mikel Azkune azpeitiarrek. Lagun Onak eta Anaitasuna futbol taldeetako presidenteak dira Arregi eta Urdapilleta hurrenez hurren, eta Touring futbol taldeko zuzendaritzako kidea da Azkune.
Atzo, ostirala, aurkeztu zuen Garai Berriak taldeak hautagaitza, Donostiako Aquariumen. Manu Diaz bergararra buru, taldea kopuruz haztea espero dutela azaldu zuten. Halere, egun hamazazpi lagunek osatzen dute taldea, eta horien artean daude Arregi, Urdapilleta eta Azkune.
2020. urtea amaitu aurretik egingo dituzte Gipuzkoako Futbol Federazioa berritzeko hauteskundeak; oraindik ez dute zehaztu ez hauteskundeak noiz izango diren ezta beste hautagaitzarik aurkeztuko ote den. Izan ere, 32 urte karguan daramatzan Juan Luis Larrea presidenteak ez du argitu oraindik hautagaitza aurkeztuko duen edo ez.