Lagun Onak futbol taldeko senior nesken taldea hasi da 2020-2021 denboraldirako prestatzen. Hilabeteak futbol zelaia ukitu gabe egon ostean, atzo, asteartea, egin zuten denboraldiko aurreneko entrenamendua Garmendipeko zelai artifizialean.
Senior neskek talde tekniko berriarekin ekingo diote 2020-2021 denboraldiari: Unai Urbizu eta Xuban Peña izango dira entrenatzaileak, eta horiekin batera arituko dira Jon Iriarte eta Aitor Exposito ere. Iriarte atezainen entrenatzaile lanetan arituko da gehienbat. Astean zehar hiru entrenamendu egitea aurreikusten dute. Horrenbestez, astearteetan, asteazkenetan eta ostiraletan izango dute hitzordua Garmendipeko zelaietan.
Xuban Peñak azaldu duenez, ezarrita dago txapelketaren hasiera data: urriaren 18a. "Eguna jarrita badago ere, ikusteko dago noiz hasiko den denboraldia, gaur egungo egoera dela eta edozein unetan alda baitaitezke gauzak", gaineratu du. Dena den, egun horretara begira hasi dira lanean: "Data horretara begira hasiko gara prestatzen, pixkanaka-pixkanaka. Taldeko neskek denbora asko daramate balorairekin harremanik izan gabe. Beraz, helburua litzateke aurreneko saioetan entrenamendu plangintzari ekitea, baloiarekin ahalik eta gehien aritzea eta gorputza txapelketarako prestatzen joatea. Orain, horretan jarriko dugu arreta".