Osakidetzak bederatzi kasu positibo berri zenbatu ditu Azpeitian, atzo egindako PCR probetan; azken hiru egunetan, beraz, hamalau lagunek eman dute positibo herrian. Eskualdean ere kasuek gora egin dute, Azpeitiko bederatzi kasuez gain beste hamabost kasu atzeman baititu Osasun Sailak: zazpi Azkoitian, lau Zarautzen, bi Orion eta bana Aian eta Getarian. Beste herrietan ez dute kasu berririk atzeman.
Osakidetzak atzoko egunean 8.917 PCR proba egin zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herenegun baino 528 proba gehiago. Horietatik 574 lagunek (%6,4) eman zuten positibo, herenegun baino 61 lagun gutxiagok. Bizkaia da beste behin Osasun Sailak kasu positibo berri gehien detektatu dituen lurraldea: 308. Gipuzkoan, 185 pertsonak eman dute positibo, eta 70ek Araban. Horrez gain hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren 11 lagunek ere eman dute positibo Osakidetzak egindako PCR probetan.
COVID-19 gaitzak jota 247 lagun daude ospitaleratuta egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan; atzo 42 lagun ospitaleratu zituzten. Gaixorik dauden 247 lagunetatik, ordea, 58 daude Zainketa Intentsioben Unitatean (ZIU) ospitaleratuta. Osasun Sailak emandako datuen arabera, RO indizea puntu batekoa –1,00– da.