Bihar amaituko da Uztarriaren udako argazki lehiaketa

Uztarria.eus 2020ko ira. 14a, 15:00

Azken txanpara iristen ari da Uztarriaren udako argazki lehiaketa. Izan ere, bihar, hilak 15, jasoko ditu Uztarriak azken argazkiak, eta ondoren, hainbat sari banatuko ditu parte-hartzaileen artean, hala nola epaimahaiaren saria, Uztarria.eus-eko erabiltzaileen saria eta botoa ematen duten herritarren artean banatuko den saria.

Urolako Komunikazio Taldeak, eta tartean Uztarriak, udako argazki lehiaketa antolatu du aurten lehen aldiz, eta azken txanpara iritsi da dagoeneko irudiak bidaltzeko epea; izan ere, bihar, hilak 15, izango da argazkiak bidaltzeko azken eguna. Uztarriak izendatutako epaimahaiak erabakiko du zein den aurtengo lehiaketako argazkirik onena. Ondoren zabalduko da herritarrek argazki onenaren aldeko boza emateko epea, webgune honetan garatuta dagoen lehiaketa sistemaren bidez.

Sari bikainak eskuratu ahal izango dira aurtengoan. Epaimahaiaren saria jasotzen duen argazkiaren egileak, esaterako, Donamariako (Nafarroa) Bentan bi lagunentzat gau bat eta afari goxo bat eskuratuko ditu Azpeitiko Halcon Bidaiaken eskutik. Uztarria.eus-eko erabiltzaileen boto gehien jasotzen dituen irudiaren egileak, berriz, Larrañaga hotelean bi lagunentzako afaria irabaziko du. Eta botoa ematen duten herritar guztien artean Villegas-Larrea arraindegiak emandako otarre bat zozkatuko du Uztarriak.

Ezaugarriak

Uda sasoian ateratako argazkiak jasoko ditu Uztarriak, eta ondoren jarriko du martxan lehiaketaren fasea. Horrenbestez, herritarrek bihar izango dute argazkiak aurkezteko azken eguna, azpeitia@ukt.eus helbidera e-posta mezua bidalita edo Whatsapp bidez 688 84 63 51 telefono zenbakira idatzita. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara.

Irudiak Whatsappez bidaltzen dituztenek 'UZT' eta argazkiaren izenburua zehaztu beharko dituzte. Whatsapp edo e-posta mezuetan, berriz, argazkia non egina den azaldu eta hainbat datu pertsonal eman beharko dituzte herritarrek, hala nola izen-abizenak, helbidea, herria, adina, NA, e-posta helbidea eta telefono zenbakia.

Azpeitiarrek edo Azpeitiko bizilagunek bidali ahal izango dituzte argazkiak lehiaketara, eta koloretako nahiz zuri-beltzeko irudiak aurkeztu ahal izango dituzte. Argazkiek, baina, inon argitaratu gabekoak izan beharko dute.

Argazkia guztiak Urolako Komunikazio Taldearen artxiboan gordeko dira, eta hedabide taldeak bere egiteko du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Bidalitako lanen jabe den lehiaketako parte-hartzaileak lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen uzten dio Urolako Komunikazio Taldeari, egilearen izena adierazita.

Lege oharra

Datu Pertsonalak Babesteko Araudia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Urolako Komunikazio Taldea, Koop. E. enpresaren tratamendu-sistemetan jasoko direla, lehiaketa hau kudeatzeko eta eskualdeko hedabide desberdinen eskaintzen berri emateko. Era berean, lehiaketan parte hartzen duten argazkiak webgune eta kanal desberdinetan hedatuak izango dira. Sariduna gertatuz gero, zure identifikazio-datuak argitaratuak izango dira, baita saria modu egokian kudeatzeko beharrezkoak izan daitezken kolaboratzaile zuzenei komunikatuak ere. Zure datuak babesteko eskubideak noiznahi erabil ditzakezu. Horretarako, idatzi bat bidali beharko duzu Soreasu z/g - 20730 Azpeitia helbidera edo admnistrazioa@ukt.eus helbide elektronikora. Zure datu pertsonalen babesari buruzko informazio zehatzagoa urolakosta.hitza.eus/hitzakide/pribatutasun-politika/ web orrian aurki dezakezu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide