Azpeitia XVI. mendean izeneko bisita gidatuarekin bukatuko da, zapatu honetan, Ezkutuko Altxorrak programaren barruan uda honetarako Azpeitirako prestatutako egitaraua. Iraurgi Berritzen garapen agentziak Loiolako Turismo Bulegoaren bidez kudeatutako programa da Ezkutuko Altxorrak eta Urola Erdiko ondarea ezagutarazteko hamabost ekitaldi prestatu dituzte amaitzear den udarako, gehienak bisita gidatuak; uztailaren erdi aldean jarri zuten martxan egitaraua, eta datorren asteburuan bukatuko dute.
Zapatuko bisita gidatua 12:00etan hasiko da eta herriko Alde Zaharrak gordetzen duen XVI. mendeko ondarea ezagutzeko aukera izango dute bisitariek; hain zuzen ere, gai beraren bueltako beste bisita gidatu batekin hasi zen Ezkutuko Altxorren aurtengo egitaraua joan den uztailean.
Bisita doakoa da, gehienez hamar lagunek parte har dezakete eta oraindik badago tokia, baina aurrez izena ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, 943-15 18 78 telefono zenbakira deitu edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera mezua idatzi behar da.