Urriaren 17an, Mont de Marsanera

Datorren urriaren 17an, larunbata, Josu Urbieta Pow azpeitiarra espetxeratuta dagoen Mont de Marsaneko espetxera martxa antolatu du Azpeitiko Sarek. Dei egiten diegu azpeitiarrei data hori gorde eta Josu nahiz Gotzonen etxeratzearen aldeko urrats bat ematera. Autobusen eta egitarauaren xehetasunak aurrerago emango ditugun arren, goizean irten eta arratsalde amaieran Azpeitian izango garela aurreratu dezakegu.

Maiatzean Izan Bidea dinamika aurkeztu genuenetik, euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde nahiz elkarbizitza eta bakearen alde gauden herritarrak batu asmo ditugu, urratsak emanaz, bidea izan gaitezen. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auzi honi behin betiko aterabidea eman nahi diogu.

Horretarako une aproposa dela uste dugu; euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesua martxan jartzeko. Denok ozen esan dugu Euskal Presoak Euskal Herriratzeko garaia dela. Bestetik, Madrili dagokionean, Espainiako Gobernuan diren alderdiek egoera honekin amaitzeko adostasuna agertu dute behin baino gehiagotan; beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Zeren zain dira? Egoera honek ezin du gehiagoan luzatu; presoek Euskal Herrian egon behar dute, eta etxera prozesua garatu behar dute gradu progresioa eginez. Senideek ezin dute beren bizitza errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ezta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro ere, motxiladun haurrei COVID-19a dela-eta gertatzen ari zaien moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu. Nahikoa da. Konponbide garaia da.

Horregatik, bidea egiten jarraitu behar dugula diogu, ibiltarien sare hau gero eta handiagoa eta zabalagoa egin behar dugula, etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea egia bilaka dezagun.

Pow eta Gotzon etxera ekartzeko, Izan Bidea!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide