Adinekoen egoitzetako lan gatazkari konponbidea aurkitzeko eskatuko dute larunbatean

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 22a, 09:00

Azpeitiko San Martin egoitzako egoiliarren senideak deitu dituzte agerraldira.

Gipuzkoako Senideak elkarteak agerraldia egingo du larunbatean Azpeitiko plazan, Sos erresidentziak: zaintza erdigunean lelopean. 11:00etan, prentsaurrekoa emango dute; 11:30ean, elkarretaratzea izango da; eta, 12:00etan, informazio mahaia jarriko dute. Egoitzen lan gatazkari "berehalako konponbide eraginkorra" eman diezaioten eskatuko dute.

Gipuzkoako Senideak elkarteak bultzatuta, adinekoen egoitzetako lan gatazkaren gaia mahai gainera ekarriko duten ekitaldiak egingo dituzte larunbatean, irailak 26, Azpeitian. Erresidentzietako egoiliarren senideek osatzen dute Gipuzkoako Senideak elkartea, eta larunbateko agerraldiaren bidez, egoitzen lan gatazkari "berehalako konponbide eraginkorra" eman diezaioten eskatuko dute. Lurraldeko hainbat gunetan ari dira agerraldiak egiten –duela bi aste Eskoriatzan izan ziren, esaterako–, eta Azpeitian egingo dute hurrengo geldialdia, Urola Kosta eskualdeari dagokiona.

Sos erresidentziak: zaintza erdigunean lelopean egingo dituzte larunbateko ekitaldiak, plazan. 11:00etan, prentsaurrekoa emango dute; 11:30ean, elkarretaratzea izango da; eta, 12:00etan, informazio mahaia jarriko dute. Mahai horretan, agerraldian parte hartzen duten pertsonek beren errealitatea nahiz arazoak azalduko dituzte.

Gipuzkoako Senideak elkarteak deitu du agerraldia, baina ekitaldiekin bat egin dute herriko nahiz eskualdeko hainbat eragilek. Larunbatean Azpeitian izango dira, besteak beste, Irauli Zaintzako, Urola Kostako Pentsiodunen Plataformako, mugimendu feministako eta sindikatuetako ordezkariak. Horrez gain, Azpeitiko adinekoen egoitzako egoiliarren senideak gonbidatu nahi dituzte agerraldian parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide