Euskal Pentatloi Txapelketaren finala ikusteko sarrera guztiak agortu dira

Andoni Elduaien 2020ko ira. 21a, 19:57

Kepa Peñagarikano, giza proban.

Sarrera guztiak saldu direla jakinarazi dute antolatzaileek, eta ondorioz zezen plazako txarteldegia ez dute zabalduko larunbatean. Finala ETB1en eskainiko dute zuzenean.

Agortu dira larunbateko Euskal Pentatloi Txapelketako finala ikusteko sarrera guztiak. Antolatzaileek azaldu dute, finalerako zezen plazaren edukiera "murriztu" dutela, eta badakitela "asko" izango direla zezen plazatik kanpo geldituko diren zaleak. Edukiera arauak jarraituz, ordea, bete daitezkeen eserleku guztiak hartuko dituzte jarraitzaileek. 

22:00etan hasiko da finala, eta sei kirolarik parte hartuko dute: Xabier Zaldua, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano azpeitiarra, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares, hurrenez hurren. Ohi bezala, finala bi txandatan banatu dute; lehen txandan arituko dira Peñagarikano, Errazkin eta Kañamares, eta bigarren txandan, Zaldua, Gabirondo eta Arria V.a.

Hainbat proba egin beharko dute kirolariek: 100 kiloko harria 25 aldiz jaso beharko dute sorbaldara, giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza egin beharko dituzte, aizkoran hiru kanaerdiko enbor ebaki beharko dituzte, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin beharko dituzte, eta bukatzeko, lasterka hiru kilometro osatu beharko dute plazari bueltaka. Antolatzaileek azaldu dute, finalaren egunean ikusleek maskara jantzita eraman beharko dutela probak irauten duen bitartean. Finala ETB1en zuzenean eskainiko dute larunbatean, 22:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide