Lambretten zaindari
Urteetan zehar eskuratutako Lambrettak ondo baino hobeto gordeta ditu Agirrek, eta are hobeto zaintzen ditu. Guztira, bost motor ditu, eta horietako bakoitzak bere ezaugarriak eta istorioak gordetzen ditu.
'Patinete'
Goiko argazkikoa Patinete bezala ezagutzen den Lambretta da, 1955ekoa. Duen itxuragatik eman zioten izen hori. Hori izan zen Agirrek erosi zuen aurreneko Lambretta, lagun batek animatuta. Duela urte batzuk Lambretta mota horren 70. urtemuga ospatu zuten Italian, 1947an han hasi baitziren motor horiek ekoizten, eta bilkura hartan izan zen Agirre, Jesus Mari Amenabar Exkerrarekin batera. Mundu guztiko Lambrettazaleak elkartu ziren han.
Lambretta 125 LD
1952. urtean Lambretta Locomociones SA izeneko enpresa ireki zuten Eibarren (Gipuzkoa), Italiatik kanpo ere Lambrettak ekoizteko helburuarekin. Espainiako estatuan scooterrak fabrikatu zituen lehen etxea izan zen hura, eta ikur berezia zeramaten Eibarren egindako motorrek. Agirreren 125 LD-ak ikur hori du, Eibarko irudi eta guzti.
Tailerra
Motorrak jasotzeko lekua izateaz gain, horiek konpontzeko eta berritzeko gunea ere badu Agirrek. Orduak igarotzen ditu bertan, bere ibilgailuak eta lagunenak berritzen. Motorrak ez ezik, Azpeitiko scooterzaleek antolatutako hitzorduen kartel guztiak eta argazki mordoxka ere ondo gordeta ditu tailerrean.
Lambretta LI 150
Zuri eta berde koloreko ibilgailua LI 150 modeloko Lambretta da, 1963. urtekoa. Lau abiadura ditu, eta Agirreren hitzetan, garai hartan izan ziren aurrerapen teknologikoak tarteko, aurreko Lambrettek baino ezaugarri hobeak dituen ibilgailua da, potentzia handiagoa duena. "Gaur egun ederki ibil daitekeen motorra da".
Lambretta SX200
SX200 modeloko Lambretta da argazkikoa, 1982. urtekoa. Agirreren arabera, beste itxura batekoa da diseinua; hain zuzen ere, Scooter Linea karrozeriakoa.
Azken modeloa
Argazkian, Agirre garajetik irteten, SX200(ORBAR) serieko Lambrettarekin. Azpeitiarraren hitzetan, diseinu eta forma modernoenak dituen modeloa da hori. Agirreren motorra 1987an Amurrion (Araba) egindakoa da, hango fabrika itxi aurretik egindako azkenetako Lambretta.