Abentura berri bat hastear dago Dinamoa sormen gunean. Ikusle Taldea jarriko dute martxan, irudien inguruan pentsatzeko eta hitz egiteko, besteak beste. "Badira irakurle taldeak ugari, baina guk dakigula ikusle talderik ez, irudiari buruz hitz egiteko biltzen den talderik ez, eta guk proba egin nahi dugu", diote sustatzaileek. Azaldu dutenez, edozein eratako irudien gainean hitz egitea da asmoa: "Artelanak, argazkiak, iragarkiak, aldizkari edo liburuen azalak, afixak, filma zatiak, memeak, GIFak… Irudiei buruz hitz egitea da kontua, eta irudia pentsatzea".
Ikusle Taldea hilean behin elkartuko da Dinamoa sormen gunean, hileko azken asteartean, hain zuzen. Irailean ekingo diote saioei, eta aurreneko hitzordua zehaztu dute jada: irailaren 29a, 19:00etan, Dinamoan. Orduan hasiko da Ikusle Taldearen abentura.
Interesa duen edonor bertara daiteke Ikusle Taldearen saioetara, eta aurrez ez dago izena eman beharrik. "Irekia da, nahi duenak dauka etortzea; ez dago izena eman beharrik, baina dena eman behar da", diote sustatzaileek.
Aurreneko saioan Raymond Pettibon artistaren marrazki bat izango dute "hizketarako abiapuntu, akuilu eta aitzakia". Hain zuzen, honako irudi hau.
Irudiaren "ahalaz eta azalaz", gogoeta
Dinamoa sormen guneak hainbat eremu ditu, eta horietako bat da irudiarena. Bertan, irudiaren gaitasunaz eta garrantziaz hausnartzeko nahiz irudiak sortzeko parada eskaintzen du Dinamoak. Esaterako, bertan egiten da Badirudi tailerra ere.
Sormen guneko kideen aburuz, "irudiak dena hartu du aspaldian, dena da irudia, eta denean dago". Irudia "tresna indartsua" eta gaitasun ugarikoa dela pentsatzen dute. Horregatik, irudiaren "ahalaz eta azalaz" gogoeta egiteko hautua egin dute. "Paradoxa dirudi, baina gaur inoiz baino beharrezkoagoa, eta, aldi berean zailagoa, da irudi bat sortzea, eta zer esanik ez iruditeria bat sortzea. Garai eta leku bateko jendeari zer edo zer esango diguten irudiak sortzea da zaila, eta horregatik beharrezkoa. Irudiaren gainean hausnartzea ezinbesteko bihurtu zaigun bezala". Ikusle Taldearen sustatzaileentzat bi gauza desberdin dira begiratzea eta ikustea: "Batzuetan ez diegu begiratu ere egiten irudiei, besteetan begiratu gabe ere ikusi egiten ditugu. Eta mutur batetik besterako tarte hori da guk lana egiteko lekua. Eta irudiek ze funtzio betetzen duten pentsatzekoa". Hori lortzeko saiakeran ekingo diote Ikusle Taldeari.