1975ean Francoren aginduz fusilatu zituzten Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz gogoan izango dituzte aurten ere, Gudari Egunean. Azpeitiko ezker abertzaleko kideek, eta Otaegiren eta Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxoren senideek agerraldia egin dute gaur Sindikatu Zaharrean, Gudari Eguneko ekitaldietan parte hartzeko gonbita eginez.
Igandean, irailaren 27an, beteko da fusilamenduen 45. urteurrena, eta egun horretan bertan egingo dituzte Gudari Eguneko ekitaldi nagusiak. Nuarben, Otaegiren jaioterrian, izango dira gehienak, baina lehen hitzordua Azpeititik Nuarbera joango den mendi martxa izango da, plazatik 08:30ean abiatuta. Bideo hau prestatu dute antolatzaileek, mendi martxaren ibilbidea irudikatzeko:
Nuarben, 12:30ean lore eskaintza egingo dute hilerrian, Otaegiren hilobian. Hilerritik herriko frontoira joango dira jarraian Nuarben elkartutakoak, Gudari Eguneko ekitaldi nagusia han egingo baitute.
Erakusketa, Sanagustinen eta Nuarben
Baina aurtengo Gudari Egunaren bueltako egitaraua bihar, osteguna, jarriko dute martxan, Sanagustin kulturgunean irekiko duten erakusketarekin. Duela 45 urteko irailaren 27a hartan eta haren bueltan gertatutakoak ekarriko dituzte gogora erakusketarekin.
Igandera arte egongo da erakusketa Sanagustinen; eta igandean bertan, berriz, Nuarbeko frontoian jarriko dute.