Asteburuko janari bilketen harira

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2020ko ira. 29a, 12:48

Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak honako idatzi hau kaleratu du joan zen larunbateko janari bilketaren eta Azpeitiko Udalaren jarreraren harira.

Ohar honen bitartez, Azpeitiko Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistako kideok joan zen larunbatean Moriako errefuxiatuentzako herrian egin zen elikagai bilketaren harira, Azpeitiko Udalaren partetik jasotako jarrera nahiz gure proiektuarekiko, hartzaileekiko zein boluntarioekiko izandako kontsiderazio falta salatu nahi dugu. Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dugu ohar hau ez dela Zaporeakek sustatutako ekimena kritikatzeko, are gutxiago bertan parte hartu zuten boluntarioen borondatea kritikatzeko ala gutxiesteko. Idatzi honen bitartez, Azpeitiko Udalak dinamika aurrera eramateko emandako prozesuaren inguruko hainbat puntu aipatzea gustatuko litzaiguke soilik.

Askok jakingo duzuen moduan, osasun larrialdia hasi zen momentutik, eta sektore kolpatuenetan izan zitzakeen ondorioak aurreikusiz, elikagai eta oinarrizko produktuen bankua jarri genuen martxan sare sozialistako kideok. Hilabete luzetako eta boluntario ugariren lanaren ondorioz, gaur egun eskualdeko 250 lagun ingururi eskaintzen diogu zerbitzua, larunbatero-larunbatero egiten dugun produktu bilketa izanik jasotzen dugun ekarpen handiena. Gauzak horrela, Azpeitiko Udalak gure bilketaren egun, ordu eta leku berdinetan Zaporeak elkarteari laguntzeko elikagai bilketa egingo zuela jakin bezain pronto, udaleko ordezkariekin harremanetan jartzea erabaki genuen, bagenekielako haiek bazekitela egun, ordu eta leku horietan astero postuak jartzen ditugula. Oso larria iruditu zitzaigun gurekin harremanetan jarri gabe elikagai bilketa egitea guk astero produktuak biltzen ditugun leku eta ordu berean, eta guri horren berri ez ematea.

Udaleko ordezkariek, gure kezken aurrean, azken momentuan dinamika nazionalari atxikitu izanaren argudio jarri ziguten, eta azken unean gauzak horrela egitea erabaki zutela esan ziguten. Gure aldetik, beraien dinamika oztopatzeko inolako intentziorik ez izanda, bi aldeak kaltetuak ez ateratzeko modua aurkitzeko borondatea adierazi genion udalari, leku berdinean janaria biltzeko bi postu desberdin jartzeari inolako zentzurik ez bai genion ikusten. Proposatu genien gutxienez larunbatero produktuak biltzen ditugun saltokietako batean gu egotea, beraiek beste lau saltokitan eraman ahal izango zituztelarik produktu bilketak aurrera. Ezezkoa erantzun ziguten, eta beraiek esandako lekuan postuak jarriko zituztela. Esan bezala, zapatuetako bilketa gure proiektuaren baliabide nagusia da, eta ikaragarrizko errespetu falta iruditzen zaigu harremanetan ez jartzetik hasi, eta egindako proposamenaren aurrean ezezkoa soilik jasotzea erantzun gisa, inolako alternatiba posiblerik eskaini gabe. Udalaren jarrera ikusita, produktu emaileengan gaizkiulertuak ekiditeko, eta bi produktu bilketa leku berdinetan egitearen zentzugabekeriaz jabetuta, azken momentuan posturik ez jartzeko hautua egin genuen, nahiz eta erabaki horrek kostu ekonomiko garrantzitsua suposatu dion dinamikari.

Deigarria iruditzen zaigu udal ordezkariek behin eta berriz erakusten diguten jarrera. Azken honetan nahiago izan dute, beste behin, konfliktibitatea mantentzeko jarreretan ezkortu, esku artean dugun elkartasun dinamikan zuzenean eraginez, oraindik produktuak jasotzeko itxaron zerrendan ditugun familiak izanik kaltetuenak azken instantzian.

Behin eta berriz izan ditugu postua jartzeko lekuarekin arazoak, baita azpiegituren erabilerari dagokionez ere –maiztasun handiegiaren aitzakiapean eta abar–. Adierazgarri bezain salagarria iruditzen zaigu udalaren jarrera ezberdindua elkarte zein eragile ezberdinekiko, horiekiko izan dezaketen afinitate edota atera dezaketen errentagarritasun politikoaren arabera, batzuei alfonbra gorria jartzeko besteen astetako lana, turnoak, ekonomia eta abar baldintzatzeraino.

Oztopoak oztopo, langile elkartasuna antolatzen jarraitzeko beharra mahaigaineratu nahi dugu, independentzia politikoaren ezinbestekotasunean berretsiz, datorkigun oldarraldi kapitalistari aurre egin ahal izateko antolakuntza forma eraginkorrak garatzeko saiakeran sakonduz.

Gure partetik, zuen ekarpena egitera gonbidatzen zaituztegu, hurrengo asteetan produktuak emanez, boluntario gisa parte hartuz edota ekarpen ekonomikoa eginez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide