Urrestillako bidegorria herri barruko bidegorri sarearekin lotzeko obrak direla eta, hainbat aldaketa izango dira Landeta auzoan datozen hilabeteotan. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, urriaren 1ean hasiko dira obrekin.
Udalak azaldu duenez, bidegorriaren lanak tarteko, Landeta etorbidetik Atxubiaga kalera arteko bidegurutzea itxi egingo dute ibilgailuentzat. Hala ere, oinezkoentzako pasoa bermatzen saiatuko da udala. Horrez gain, Zubi Zahar kaleak norazko bakarra izango du obrek irauten duten bitartean, eta UK04 linearen Atxubiaga kaleko geltokia Landeta etorbideko geltokira aldatuko dute. Aldaketek sor ditzaketen enredoengatik udalak aurrez barkamena eskatu nahi izan die herritarrei.
Bidegorriaren azken faseko obrek 189.085,64 euroko aurrekontua izango dute, eta hiru hilabeteko epean eginda izatea aurreikusten du udalak.
Bidegorriaren lotura egitearekin batera, "trafikoaren ordenazioa hobetzeko hainbat aldaketa" ere egingo dituzte. Hori dela eta, GI-2635 errepideak noranzko bakarra izango du Landeta hiribideko bidegurutzetik aurrera, Azpeititik Urrestillako noranzkoan. Horrez gain, autobus geltokiak ere egokituko dituztela aurreratu du udalak. Hain zuzen, Landeta hiribidean jarriko dituzte autobus geltokiak, Mendizabal jatetxearen parean.