Bi gizonezko ikerketapean jarri ditu Ertzaintzak, "birziklatze gune batean ustez lapurreta egitea" egotzita

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 7a, 17:15

Atzo, 22:00ak aldera, jazo ziren gertaerak. Birziklatze guneko barrutia inguratzen duen hesia behartuta ikusi zuten ertzainek, eta barruan furgoneta bat eta bi gizonezko. Ertzaintzak jakitera eman duenez, lapurretan ari zirela aitortu zieten bertaratu ziren agenteei. Ondorioz, bi gizonezkoak identifikatu egin zituzten, eta ikerketapean jarri.  

Ertzaintzak 28 eta 19 urteko bi gizonezko identifikatu zituen atzo, asteartea, Azpeitian, "birziklatze zentro publiko batean indarrez sartu eta ustez lapurreta egiteagatik". Ertzaintzak ohar bidez jakitera eman duenez, gune horretako alarmak jo zuelako iritsi zitzaien abisua, 22:00ak aldera. Abisuaren lekura iritsi zirenean, barrutia inguratzen duen hesia behartuta zegoela ikusi zuten agenteek, eta baita barrutiaren barruan bertakoa ez zen furgoneta bat zegoela ere. Furgoneta barruan bi gizon atzeman zituzten, identifikatu zituzten biak, hain zuzen. Oharrean dioenez, bertaratu ziren agenteei aitortu zieten materiala lapurtu zutela birziklatze gunetik, eta furgoneta miatu zutenean, "zentroan lapurtutako hainbat etxetresna txiki" aurkitu zituzten.   

Horrenbestez, atzemandako bi pertsona horiek "indarrez egindako lapurretaren ustezko egileak" direla jasota geratu da Urola Kostako ertzain etxean izapidetu dituzten eginbideetan, eta, ikertu gisa, epailearen aurrera agertu beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide