Datorren urtean udal tasak eta zergak bere horretan uztea eta hobariei eustea erabaki du udalak

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 9a, 13:37

Kirol Patronatuko erabiltzaileei %25eko hobaria ezarriko diete datorren urteko kuotan, aurten zerbitzurik eman ez duten denboragatik. Hobari hori, baina, datorren urtean erabiltzaile izaten jarraitzen dutenek bakarrik jasoko dute; besteek, alegia, urtearen bukaeran erabiltzaile izateari uzten diotenek, galdu egingo dute.

Datorren urtean udal tasak eta zergak ez igotzea eta indarrean dauden hobari guztiei eustea erabaki du Azpeitiko Udalak. Hori proposatu zuen Udal Gobernuak atzo arratsaldean egindako udalbatzarrean, eta aho batez onartu zuten. Erabaki hori hartu dute jakitun direlako pandemiak herritar askoren diru sarrerak murriztea ekarri duela. Eta Nagore Alkortak alkatearen arabera, "azken urteetako kudeaketa arduratsu eta zorrotzaren ondorioz", gaur-gaurkoz udalak badu nahikoa baliabide eta bitarteko zerbitzu publikoen eskaintzari eta kalitateari eusteko.

EAJko kideek ere babestu egin zuten datorren urtean tasak eta zergak bere horretan mantentzeko proposamena, baina Udal Gobernuari eskatu zioten 2022ra begira zaborrari lotutako tasak aztertzeko, hortik jasotzen den dirua ez delako iristen zerbitzuak sortzen dituen gastuen %70 estaltzera.  

Tasa eta hobarien inguruan beste erabaki batzuk ere hartu ditu udalak. Horietako bat da Kirol Patronatuko erabiltzaileei datorren urteko kuotan %25eko hobaria ezartzea, aurten pandemiaren ondorioz kirol azpiegiturak itxita izan dituzten denboragatik. Zerbitzua hiru bat hilabetez egon da etenda, eta horregatik erabaki dute beherapena %25ekoa izatea. Hori bai, datorren urtean erabiltzaile izaten jarraitzen dutenek bakarrik jasoko dute hobari hori; besteek, urtearen bukaeran erabiltzaile izateari uzten diotenek, galdu egingo dute. 

Horrez gain, kiroldegiko abonuetan ezintasuna duten pertsonen hobaria orokortu egingo dute. Lehen hobari hori ez zen bateragarria zenbait motatako abonuekin, baina aurrerantzean ezintasuna duten pertsonen hobaria era guztietako abonuetan ezartzeko aukera egongo da. 

Datorren urteko ordenantza fiskalean egingo duten azken egokitzapenak terrazak dituzten tabernei eragingo die. Udalak aurten ez die tasarik kobratu terraza jarri ezin izan duten denboragatik, eta aurrerantzean neurri hori automatikoki aplikatzeko beharrezko egokitzapena egingo dute arauetan.

Beste hainbat erabaki

Hainbat kreditu aldaketa egitea ere onartu zuten atzoko udalbatzarrean. Horietako batek Arana eta Arana Goikoa lotuko dituen igogailuarekin dauka zerikusia. Proiektu hori finantziatzera, aurrez hitzartutako 150.000 euroz gain, beste 340.000 euro bidaratzea onartu dute, lanek izango duten 490.000 euroko aurrekontua estaltzeko. Urtea bukatzerako proiektua esleitzeko lehiaketa publikoa martxan jartzea aurreikusten dute, eta, ondo bidean, datorren udaberrian hasiko dituzte lanak.

Etxez etxeko eta Eguneko Zentroko zerbitzuen kudeaketa Biharko enpresari ematea ere onartu zuten atzoko udalbatzarrean. Hala, lehendik zerbitzu horiek kudeatzen dituen enpresa berak segiko du lan horretan. Bi urterako kontratua sinatuko dute Biharkorekin, beste bi urtez luzatu ahal izango dutena; eta lau urte horien truke bost milioi euro jasoko lituzke enpresak. 

Azkenik, datorren urteko taxi tarifak bere horretan uzteko Agitax Gipuzkoako taxi gidarien elkarteak egindako eskaera aztertu zuten atzo, eta baita aho batez onartu ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide